TOLOSA. Atzo, apirilak 17, ostirala, Tolosako Udalak telematikoki ospatu zuen ezohiko Osoko Bilkura. Bertan, neurri garrantzitsu bat onartu zuten. Neurri horri esker, Krisiaren eraginagatik egoera larrian dauden etxebizitza babestuko maizterrek ez dute errenta ordaindu behar izango, ezta komunitate gastuak ere.

Xabier Balerdik, Antolakuntza alorreko zinegotzi arduradunk, adierazi du, Covid-19aren hedapen azkarrak aurrekaririk gabeko osasun alerta baten pean jarri gaituela eta herritar asko ari direla egoeraren kalteak jasaten, osasun-krisi honek eragin zuzena duelako ekonomian, gizartean, ekoizpen-kateetan eta baita herritarren egunerokoan ere.

Horregatik, familia eta kolektibo ahulenak babestea behar-beharrezkotzat jota, jarduera ekonomikoaren geldiarazteak maizterrak gastuei aurre egiteko gaitasunik gabe utzi dituen kasuetan apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentak eten egingo dira.

Horrenbestez, neurri honen onuradun izango dira, osasun-larrialdi egoeragatik langabezian gelditu diren maizterrak, aldi baterako enplegu-erregulazio espediente batean daudenak edota autonomoak direnak euren diru-sarrerak %40 edo gehiago gutxitu badira.

ESKABIDEAK EGITEKO

Eskabideak maiatzaren 31ra arte egin ahal izango dira, baina data luzatu ahal izango da, alarma-egoera ere luzatzen bada. Eskaerak bide telematikoak erabilita aurkeztu beharko dira www.tolosa.eus webgunearen bitartez eskaera inprimakia beteta. Eskaera telematikoa egiteko aukerarik ez badago, aurrez-aurreko arreta zerbitzuak etenda daudela kontuan izanda, herritarrak etxebizitzak@tolosa.eus helbidera ere jo dezakete horiek gauzatzeko.

Eskaera orriarekin batera langabezia egoeraren ziurtagiria (langabezian egoteagatik jasotzen den prestazioa azaltzen duena) eta autonomoen kasuan, Foru Ogasunaren ziurtagiri atxiki beharko dira. Baita ere maizterraren erantzukizuneko adierazpena ere.