TOLOSA. Hurrengo larunbatean, hilak 18, Tolosak inoiz ospaturiko azokarik bereziena egingo du. Koronabirusak eragindako egoeraz arren, gipuzkoar herriak baimena guztiak lortu ditu azoka aurrera eramateko, segurtasun neurri guztiak betez gero. Hala, postuak Zerkausian eta Beotibar frontoian egongo dira kokatuta.

08:30etik 13:30era egingo da salmenta, bi guneetan banatuta: Zerkausian eta Beotibar frontoiaren barruan. Arrisku taldeetatik kanpo dauden ekoizleek bakarrik jarri ahal izango dute mahaia: orotara 25 ekoizleek parte hartuko dute. Prebentzio eta segurtasun neurriei jarraiki, 9 postu kokatuko dira frontoian eta 16 Zerkausian.

Mugikortasuna murrizten duen dekretua indarrean egonik, etxetik hurbilen dagoen gunera joan beharko da erosketak egitera; hau da, ezingo da gune bietara joan. Postuen banaketa egitean kontuan izan da produktuen eskaintza, bi guneetan aniztasuna bermatzeko. Hortaz, bietan eskuratu ahal izango dira barazkiak, frutak eta esnekiak.

70 urtetik gorako pertsonek ezingo dute salmenta-guneetara gerturatu, arrisku talde nagusia izanik, etxean geratu behar dutelako.

SEGURTASUNERAKO ARAU ZORROTZAK

Salmenta-guneetarako ere osasun eta segurtasun neurri ugari hartu dira, bai ekoizleentzat, baita erosleentzat ere.

Bi guneetako sarrera eta irteera puntuak bakarrak izango dira. Zerkausira Triangulo aldeko aldapatik sartu beharko da, eta irteera Plaza Zahar aldera egingo da. Beotibarren, aldiz, leihatilaren ondoko ate nagusitik egingo da sarrera, eta ateratzeko Txurreriaren alboko atea erabiliko da.

Udaltzain eta Babes Zibileko kideen laguntzarekin, edukiera kontrolatuko da eta erosketak egitera bakarka joan beharko da. 70 urtetik gorakoek ezingo dute sartu, ezta arrisku taldekoak diren erosleek ere.

Barruan ere mugikortasuna mugatua izango da: ezingo da ibili postuz postu, modu librean. Mahaiak sakabanatuko dira, eta ilara egiteko segurtasun distantziak markatuko dira.

Postu bakoitzeko saltzaile bakarra izango da, beti ere, arrisku taldetik kanpokoa. Elikagaiak postuaren atzean izango dira, eta ekoizleek soilik izango dute kontaktua produktuekin. Eskaria egin eta berak gerturatuko ditu produktuak.

Baserritar guztiek eskularruak, aurpegia babesteko pantailak eta gel desinfektatzailea izango dituzte. Sarrera puntuetan erosleentzat eskularruak, gela eta norbere babeserako maskarak ere eskura jarriko dira, eta beharrezkoa izango da horien erabilera.

ETXEZ ETXEKO ZERBITZUARI EUTSIKO ZAIO

Inguruko baserrietako elikagai freskoak saltzeko bide berriak abiarazi ditu Tolosako Udalak, baserritarrekin elkarlanean: etxez etxeko "Azoka zure etxera" zerbitzua eta Tolosako komertzioetan bertakoa saltzeko egitasmoa.

Larunbateko ezohiko salmenta guneez gain, asteko beste egunetarako bi bideak mantendu egingo dira. Ahal den neurrian, bide horiek hobesteko dei egin du udalak, kalera ateratzea ahal bezain beste ekiditeko. Gainera, zerbitzuok etengabe indartzeko lanean ari da udala. Esaterako, datorren astetik aurrera, ekoizle bat gehiagok parte hartuko du etxez etxeko banaketa zerbitzuan.

Horrez gain, alerta egoera amaitzen denerako guztia prest egoteko lanean ari da udala, Osasun Saileko eta udaleko prebentzio teknikariaren ikuskaritzarekin, izan ere, konfinamendu egoera ondotik ere, segurtasun eta prebentzio neurriak hartu beharko baitira, erabateko normaltasunera itzuli bitartean.