TOLOSA. Hurrengo astelehenean, aprilaren 6an, goizeko 9:00etan, Tolosako Udaleko kontu ofizialeteko batean (@tolosaagenda), herriari buruzko 'ToloTribial' izeneko jolasa hasiko da. Horrela, egunero ordu berean galdera bat jarriko da, eta parte hartu nahi duenak arratsaldeko 20:00etararte izango du denbora erantzuteko. Ekimen hau Tolosako Udaleko Kultura sailak sustatutakoa da, eta konfinamendu garaia eramangarriagoa egitea du helburu.

Parte hartzeko, galdera bakoitzak izango duen inkestan klik egin beharko da, eta ondoren, txioa erantzun zuzena iruditutako aukerarekin. Galdera bakoitzaren erantzun zuzena arratsaldean jakinaraziko da, @tolosaagenda kontuan bertan. Lehiaketa astelehenetik igandera egingo da, eta erantzun zuzena eman dutenek saria izango dute: zine programazioaren hurrengo sasoirako hilabeteko bonua. Saridunak astelehen goizean jakinaraziko dira.

TOLOSAKO KULTURA ONLINE

Bestalde, Tolosako kulturaz online gozatzeko eskaintza guztia modu bateratuan kontsulta daiteke Tolosako Udalaren webgunean. Irudi interaktibo bat egokitu da webguneko agenda atalean, eta bertan bateratu dira hainbat baliabide. Pixkanaka eskaintza handitzen joango da, eta baliabide gehiago jarriko dira herritarren eskura.

HAUR LIBURUAREN EGUNA

Apirilaren 2an Haur Liburuaren Eguna ospatu zen, eta Hans Christian Andersen idazlearen jaiotzaren urtemuga ospatzeko, Tolosako Haur Liburutegiak familia giroan egiteko ekintza bat proposatu zuen, herriko umeei eta gazteei zuzenduta.

Hala, egun horretatik aurrera eta hilabete osoan zehar, 0-8 urte bitarteko umeek dituzten familiek etxean ipuin kontaketa saio bat egin, sakelakoarekin grabatu eta bideoa Whatsapp aplikazioaren bidez haur txikiak dituzten ezagunei, senideei edo gelakide diren haurren gurasoei zabaltzea proposatu dute. Egitasmoa gauzatzeko hainbat aukera ere proposatu dituzte liburutegitik: kontalari paperean gurasoak edo haurrak jartzea, libururik gabeko istorioak kontatzea, edo asmatutakoak kontatzea, besteak beste. Kontaketa laburra izatea gomendatu dute.

Bestalde, eta 9-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta, ipuinak kontatu ordez Booktuber bihurtzeko proposamena egin diete. Hala, bideoa ipuin kontaketa batena izan ordez, gustuko duten liburu baten inguruko gomendioa grabatu eta hori gelakideekin edo lagunen artean banatzea proposatu dute.

Ekintza honen bidez, OEPLIk (Haur Liburuarentzako Espainiako Erakundeak) bere lau atalekin batera (Galtzagorri Elkartea, Haur eta Gazte Liburuaren Kontseilu Orokorra, CLIJCAT eta Asociación Galega do libro Infantil e Xuvenil) Haur Liburuaren eguna ospatzeko antolatutako deialdiarekin bat egin nahi du Tolosako Haur Liburutegiak.