Elkartasuna

Arabako Funtsak 39.900 euroko laguntza bidali du Kamerungo gatazka armatuen kaltetutakoei

Diru honek 300 familiari behar-beharrezko elikagaiak, arropa eta materialak emateko balio izango du

02.03.2020 | 10:59
Larrialdietarako Arabako Funtsak 39.900 euro bidali ditu Kamerungo gatazka armatuak kaltetutakoei laguntzeko.

Larrialdietarako Arabako Funtsak 39.900 euro bidali ditu Kamerungo gatazka armatuak kaltetutakoei laguntzeko. Diru honek 300 familiari behar-beharrezko elikagaiak, arropa eta materialak emateko balio izango du. Indarkeriaren ondorioz, 3.000 pertsona inguru hil dira Kamerunen.


Zehazki, Kostaldeko eskualdeko Wouri departamentuko Makepe, Bonaberi eta Bepanda auzoetako 300 familiari lagunduko zaie. Aurten bigarrenez jarri da martxan Larrialdietarako Arabako Funtsa herrialde afrikar horretako larrialdi humanitarioari aurre egiteko.

Manuel Iradier Elkarte Afrikanistak eskatu du Larrialdietarako Arabako Funtsaren laguntza. Eta laguntza hori tokian bertan Coeur d´Amour Elkarteak eskainiko du. Talde hori 2016az geroztik ari da lanean inguru horretan bakea berreskuratu eta sendotzeko, eta bien bitartean larrialdi humanitarioetarako proiektu bati daragoio, indarkeriaren biktimei eta beren herrietatik kanporatuei laguntzeko.

Azken urteotan areagotu egin dira armadaren eta talde armatuen arteko liskarrak Kamerungo ipar-mendebaldeko eta hego-mendebaldeko lurraldeetan. Liskar horien jatorria da herrialde gehienbat frankofono horretako zonalde anglofonoek Gobernu zentralarekin dituzten desadostasunak eta eskaera soziopolitikoak. Gainera, gobernuak areagotu egin ditu errepresio neurriak.

Bahiketak egon dira, gizakiek kalteak jasan dituzte giza eskubideak urratu baitzaizkie honako hauek direla medio: hilketak, emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria, desagertzeak, mutikoen nahitaezko errekrutatzea soldaduen artera eta populazioaren desplazamendua. Horretaz gain, jabetzak eta negozioak arpilatu, lursailak suntsitu, etxeak erre, herritarrek aurreztutako dirua konfiskatu eta zubi batzuk hondatu dira. Indarkeriaren ondorioz, 3.000 pertsona inguru hil dira eta 500.000 pertsona baino gehiago barne desplazamenduan dago eta Nigerian errefuxiaturik.

Joan den abenduan 5.475 lagunek beren etxeak utzi behar izan zuten esku hartze militarraren eta ipar-mendebaldeko komunitateen arteko gatazken ondorioz.

Ingeles mintzairako eskualdeetako herritarrek gainditu beharreko zailtasun horiei guztiei gehitu behar zaie azken asteotan eraso eta erre egin direla gatazka honetan dauden pertsonen egoera arintzeko egin diren laguntza-bidalketa batzuk, eta horrek beldurra areagotu du Kamerungo erakunde humanitarioetan lan egiten duten pertsonen artean.