BILBO. Etxepare Euskal Institutuak sustatutako eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren programaren barruan dagoen 'Itzultzaile Berriak' egitasmoaren bitartez, Quebeceko bi literatura-itzultzaile frankofonok euskera ikasiko dute euskal literatura sustatzeko xedearekin.

Horretarako, atzo, otsailak 1, ireki zen deialdi publiko baten bidez bi itzultzaile frankofono hautatuko dira euskara ikas dezaten. Honakoa izango da dinamika: aurretik euskara dakien itzultzaile frankofono batek, mentoretza baten bidez ezagutza horretan sakonduko du testuak zuzenean euskaratik itzultzen trebatzeko. Bigarren itzultzaile batek, ordea, mentoretza baten bidez ezagutza horretan sakontzeaz hain, hilabeteko egonaldia egingo du Euskal Herrian uztailean. Mentore lana egiteko aditu bat izendatuko du Etxepare Euskal Institutuak, EIZIEk proposatuta.

Deialdiak ez du soilik euskara ikastea bultzatuko, baita lanak ekoiztea ere. Itzultzaile bakoitzak 30.000 karaktere inguruko bi lagin itzuliko ditu proiektuaren amaieran, beranduenez 2020ko abuztuaren 31rako. Laginak mentorearekin adostuko dituzte itzultzaileek eta euskal literaturen sustapenerako erabiliko dira.

Eskaerak aurkezteko epea atzo, otsailak 21, ireki zen eta martxoaren 5an amaituko da. Dokumentazioa emailez aurkeztu beharko da etxepare@etxepare.eus helbide elektronikoan.

Egitasmo hau Etxepare Euskal Institutuak EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin lankidetzan garatu du, eta Quebecekin 2020-2021 urteetan zehar jorratzen ari den lankidetzaren baitan kokatuko da.

#QCPaysBasque 2020-2021

Québec eta Euskadiren arteko lankidetzaren emaitzetako bat da #QCPays Basque 2020-2021 egitasmoa. Bi lurraldeetako kultur eragileen arteko lankidetza sustatu, artista, sortzaile eta kultur industrien hartu-emana estutu, sorkuntza eta hedapena bultzatu, esperientzia eta ezagutza trukatu, kultur erakusleihoak eratu, eta azken batean, kultur elkarrizketaren bidez loturak sendotzea du jomuga proiektuak.

#QCPaysBasque-k Quebec eta Euskadiren arteko MOU edo Elkar-Ulermenerako Memorandumean du jatorria eta Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Kultura eta Komunikazio Ministerioak bideratzen dute egitasmoa.