El Carme izenekoa

Martxan da Araban egonaldi ertaineko zentro bat genero indarkeria jasaten duten emakumeentzat

Zentroaren helburua familien bizi kalitatea hobetu eta bizitza autonomoa egiten laguntzea da

12.02.2020 | 11:03
Zentroaren logela bat.

BILBO. Arabako foru Aldundiak martxan jarri du egonaldi ertaineko zentro bat Araban genero indarkeria jasaten duten emakumeentzat. El Carmek lau familia unitaterako ostatua ematen du urtarriletik aurrera. Zentroaren helburua haien bizi kalitatea hobetu eta bizitza autonomoa egiten laguntzea da.

El Carmeren xedea da arreta integral berezitua eta egonaldi ertaineko ostatua ematea elkarbizitza gatazka larriak dauzkaten eta osotasun fisikoa arriskuan izan dezaketen emakumeentzat; batez ere generoa dela-eta tratu txarrak izaten dituzten edo babes gabe eta baztertuta dauden biktimentzat, baita haien seme-alabentzat eta haien menpe dauden pertsonentzat ere. El Carmek joan den urtarriletik dauzka lehenengo erabiltzaileak: lau emakume eta bost neska-mutil.

Baliabide berriak genero indarkeriaren arloan dagoen arretako foru sarea osatzen du, eta han sartzen dira egoitza baliabideak eta genero indarkeriaren biktimei arreta ematen dieten beste zerbitzu batzuk. Biktimei arreta emateko gero eta premia handiagoa dagoenez, beharrezkoa izan da martxan jartzea zentro berri hau, eta aurten Berehalako beste Harrera Zentro bat (BHZ) irekiko da urgentziazko egoeretarako, non emakumeek berehala utzi behar baitute beren etxea; zentro horrek arreta eta ostatua emango die beste bost familia unitateri.

Arabako Foru Aldundiaren xedea da baliabide gehiago jartzen jarraitzea genero indarkeriaren biktimei ostatua eta laguntza emateko. Konpromiso horiek erdiesteko, Gizarte Politiken Sailaren 2020rako aurrekontua talde horri arreta emateko neurrietarako nabarmen handituko da; hain zuzen ere, % 40, eta joan den

legegintzaldian ezarritako bideari jarraituko zaio; izan ere, bikoiztu egin ziren indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko diru baliabideak.

Laguntza ematea emakumeak ahaldundu daitezen

Zentro berrian hezkuntza arloko profesional talde bat dago, eta gizarte integratzaile eta hezitzaileek osatzen dute, halako moldez non familiei laguntza emango baitiete arreta integralean, haien bizi kalitatea eta autonomia hobetzeko. Laguntza ertaina eta handia ematen diete, eta gizarte eta hezkuntza arloko eta arlo psikosozialeko esku hartzeak egiten dituzte, oinarri izanda laguntza ematea emakumeak ahaldundu daitezen.

Zentro honen xedeetako bat da emakume biktimei aukera ematea eskura izateko, ingurune seguruan, euren egoera pertsonala, familiarra eta ekonomikoa beharrezko irizten dioten eta nahi duten bezala aldatzeko denbora eta laguntza, bai eta hori gauzatzea ahalbidetzen duten erabakiak hartzeko denbora eta laguntza ere. Gainera, laguntza ematen du autoestimua eta konfiantza pertsonala mantendu, berreskuratu eta garatzeko; baita bakoitzak bere bizitza autonomoa garatzeko gaitasun eta trebetasunak landu eta gizarteratze ibilbidean orientatzeko ere.


Higiezinak era horretako zentro batek behar dituen ezaugarriak ditu, harrera egiten zaien pertsonen identitatea isilpean edukitzeko modua emanez hartara, gunearen eta hara sartzeko bideen segurtasuna eta garraio publikoarekiko hurbiltasuna. El Carmen lau gela ekipatu daude elkarbizitza guneei ostatua emateko; baita egongela bat, joko areto bat, komunak, terraza bat eta administrazio bulego bat ere.

Hartara, El Carme baliabide bat da GOFEk dauzkan baliabide eta zerbitzuei eransten zaiena, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei eta beren semealabei arreta emateko. Hona hemen baliabide horietako batzuk: Berehalako Harrera Zentroa (BHZ), harrera etxebizitzak 20.000 biztanle baino gutxiagoko udaletan bizi diren pertsonentzat eta Hegoak zerbitzua, arreta berezitu soziojuridiko eta psikosozialerako.