BILBO. Axular Lizeoa eta Begoñazpi eta Sagrado Corazón Ikastolak izan dira Firsl Lego League Euskadiren historiako lehen final egoitzaniztuneko irabazleak. Hiru lehiaketa izan dira aldi berean: Deustun, Arrasaten eta Donostian.

Horiek guztiak Innobasqueko bazkideak dira, eta ikasleak ikerketan, arazoen konponbidean eta zientzian inplikatzeko interesa partekatzen dute Agentziarekin batera.

Begoñazpi Ikastola, Bizkaikoa; Axular Lizeoa, Gipuzkoakoa; eta Sagrado Corazón Ikastetxea, Bizkaikoa izan dira aurrekaririk gabeko edizio honetako hiru talde irabazleak, Deustu-Bilbo, Donostia eta Arrasateko lehiaketetan lehen postuan sailkatu ondoren, hurrenez hurren. Parte hartu duten 126 taldeen artean aukeratuak izan dira, aurtengo erronka tematikoaren ?CITY SHAPER: bizitzeko eta lan egiteko ingurune hobeak eraikitzea? hiru esparruetan osoenak bezala.

Horrela, azken sei hilabeteetan egin duten lan edo beharra ebaluatzeko hiru proba egin dituzte: hiriekin zerikusia duen arazo bat hobetzeko garatu duten berrikuntza-proiektuaren aurkezpena; eurek diseinatu, eraiki eta programatu duten LEGO Mindstorms robotaren jokoa; eta euren proiektuak FIRST LEGO League balioak kontuan hartuta garatu dituztela erakustea; hau da, aurkikuntza, berrikuntza, inpaktua, inklusioa, talde-lana eta dibertsioa.

Bigarren postuan sailkatutako taldeentzat ere izan da saririk: Senide Arteko Taldea, Bizkaikoa, Deustu-Bilboko lehiaketan; Elburgo, Arabakoa, Donostiako lehiaketan; eta Arizmendi Ikastola, Gipuzkoakoa, Arrasateko lehiaketan.

Guztiak Espainiako finalera joango dira irabazleekin batera, eta, beraz, sei euskal taldek ordezkatuko dute Euskadi Espainiako FIRST LEGO League finalean, Tenerifen, martxoaren 28an eta 29an. Estatu Batuetan, Japonian, Grezian, Brasilen eta Australian apiril eta uztail bitartean egingo diren nazioarteko lehiaketetarako baimena lortzeko aukera izango dute han; egia esateko, FIRST LEGO League-n parte hartzen duten mundu osoko 100 herrialdetako 500.000 ikaslek baino gehiagok dute helburu hori.

Eredu berri bat hazten jarraitzeko

11. edizio honetan estreinatu den eredu berri egoitzaniztunak Innobasquek FIRST LEGO League Euskadiren etorkizunarekin duen konpromisoari erantzuten dio; programa honetatik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 8.000 ikasle baino gehiago igaro dira, eta urtetik urtera partaidetza-zifrak handitzen ari dira.

Bere hamaika urteko ibilbidean lortu dituen emaitza onek, FIRST LEGO League Euskadi STEAM (Science, Technology, Engineering, Art & Maths) Hezkuntzaren erreferentziazko programa bihurtu dute EAEn. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Hezkuntza Estrategiaren parte da, eta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiekin batera, ekimen honekin lankidetza estuan dihardu Jaurlaritzak berak.

Hazten jarraitzeko eta edizioz edizio gero eta ikasle eta ikastetxe gehiagotara iristen jarraitzeko, Agentziako bazkide diren Deustuko Unibertsitateak, Donostia Sustapenak eta Mondragon Unibertsitateak Innobasquerekin bat egin dute.

Horrela, 11. FIRST LEGO League Euskadi hau antolatu dute, aldi bereko hiru lehiaketa dituen lehenengoa bere historian:

  • FIRST LEGO League Euskadi-Deustu lehiaketa
  • FIRST LEGO League Euskadi-Donostia lehiaketa
  • FIRST LEGO League Euskadi-Arrasate lehiaketa

Aldi berean, nabarmentzekoa da boluntarioek eredu berri honetan duten funtsezko eginkizuna; izan ere, besteak beste, epaile, arbitro, denbora-arautzaile eta talde-laguntzaile izan diren 250 pertsonen laguntza inoiz baino garrantzitsuagoa izan da, finalaren izaera egoitzaniztuna dela eta.

Boluntarioek, gainera, programaren balioak adierazten dituzte eta, aurten ere, beraiek izan dira proiektua giro adiskidetsu eta dibertigarrian garatzea ahalbidetu dutenak, zientziaren eta teknologiaren inguruan esperientzia positiboa bermatuz taldeei.

6 hilabete erronka tematiko bati aurre egiteko

Gaur Deustu-Bilbon, Donostian eta Arrasaten jokatu diren azken lehiaketak Innobasquek antolatzen duen FIRST LEGO League Euskadiren 11. edizioaren amaiera izan dira. Bertan, EAEko hiru lurraldeetako 2.000 ikaslek parte hartu dute: % 20 Arabakoak ziren, % 62 Bizkaikoak eta % 18 Gipuzkoakoak.

Horrela, amaiera bikaina eman zaio Innobasqueren hezkuntza-programari; programa hori askoz lehenago hasten da, ikasleak edizioaren erronka tematikoan lanean hasten direnean. Prozesu horretan laguntzeko asmoz, Berrikuntzaren Euskal Agentziak prestakuntza-programa bat sortu du, bere erakunde bazkideen eskutik; aurten, 38 tailer izan dira, eta 1.100 postu baino gehiago eskaini dira.

Estatu osoan bakarra den prestakuntza-programa honek aukera eman die euskal ikasleei zuzenean ezagutzeko nola lan egiten duten ikertzaileek eta teknologoek, arkitekturako edo ingeniaritzako profesionalek euskal enpresa, teknologia-zentro, erakunde eta unibertsitateetan.

Horrela, eredu bat finkatu da, bere funtsezko balioa aurretiko prestakuntza horietan duena; eta prestakuntza hauek lan-merkatuan aurkituko dituzten lanbideetara hurbiltzen dituzte gazteak, ikasketa teknikoak egitea erabakitzen badute. Innobasquek 6-16 urte arteko ikasleen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa piztu nahi du honela, gazteen bokazioak eta prestakuntza-interesak bat etorrarazteko ikasketa teknikoetan prestaturiko profesionalak hartzeko eskaerarekin.