BILBO. 21 Zabalgunearen kontseiluak laguntza teknikoa kontratatzea onetsi zuen aurreko ostiralean, Gasteizko Hirigune Historikoak osatzen duen ekosisteman esku hartzen duten agenteen arkitektura definitzeko, informazioa biltzeko eta kudeaketa aurreraturako proposamenak egiteko.

Azterlana egiteko lehia-saria 54.450 eurokoa da (BEZa barne). Sakon aztertuko dira Hirigune Historikoaren gizarte, ekonomia, hirigintza eta ingurumen beharrizanak, eta nortzuk diren hiriko alderdi horretako agente nagusiak. Lana osorik idatzi eta aurkezteko gehieneko epea 12 astekoa da.

21 Zabalguneko lehendakari Ana Oregik positibotzat jo du proposamenari emandako sostengua, lehen urratsa baita Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Berezi berria lantzeko. Agintaldirako planean jasota dago hiriko alderdi hori biziberritzeko plana: eraikuntzak hobetzea da asmoa, eta gizarte- eta ingurumen-izaerako alderdiak hobetzea, baita hirigintza-araudia berrikustea ere, ekoizpen-, gizarte- eta kultura-jarduera berriak gara daitezela errazteko, auzo horri bizitasun eta erakargarritasun handiagoa emate aldera.

"Beharrezkoa da inguru horretan esku-hartze publikoa areagotzea, degradazioa geldiarazteko eta bertako gizarte, ekonomia, hirigintza, eraikuntza, ingurumen eta kudeaketa baldintzak hiriko gainerako lekuetakoekin parekatzeko. Ildo estrategiko batzuk landuko ditugu, hainbat alorretako araudietan eskatutakoa bete ahal izateko: ondarea, hirigintza, eraikuntza, iraunkortasuna, eraginkortasun energetikoa, baita ekitatea eta genero-ikuspegia ere", nabarmendu zuen.

Azterlanaren abiapuntu gisa, Hirigune Historikoa hiri ekosistematzat hartuko da, hau da, bertan esku hartzen duten organismoen multzo batek (herritarrak, erakundeak, sail eta sozietateak, fundazioak, elkarteak, interes-taldeak, mugimendu alternatiboak€) eta haiek elkarrekin erlazionatzen diren ingurune fisikoak (etxebizitza eta lokalak, ekipamenduak, monumentu eta jauregiak, berdeguneak€ espazio publikoan barne hartuta) osatutako sistematzat.

Egitura ekosistemiko hori aztertzeko lehen pausoa hartan esku hartzen duten agenteen arkitektura osatzea izango da. Horretarako, agenteak zerrendatu, deskribatu eta ordenatuko dira, eta bakoitzari buruzko informazioa bilduko, Hirigune Historikoan duten jarduera kontuan hartuz.

Informazioa bildu ondoren, eta kudeaketa aurreratuko irizpideei jarraituz, alde indartsuak eta hobetu beharrekoak identifikatuko dira Hirigune Historikoaren bizigarritasun, lehiakortasun, erresilientzia eta iraunkortasunean eragina duten alderdietan, eta jarduteko estrategiak proposatu eta ahalbidetuko dira. Gainera, hobekuntza-jardueren proposamena gauzatzeko eta jarduera programa diseinatzeko gutxi gorabeherako planteamendu ekonomiko eta finantzarioa jasoko du azterlanak.

"Udala kudeaketa aurreratuko tresnez hornitzea da gure helburua, zeinek oraingo eta geroko eskaerei erantzun integrala emango baitiete, ekintza berezia behar baita degradazioa eragozteko, biziberrituz eta eraikitako monumentu multzoaren, espazio urbanoaren eta gizarte ehunaren balioa nabarmenduz", azaldu zuen Ana Oregik.

Azterlana izango da abiapuntua Hirigune Historikoko agente eta herritarrekin partaidetza- eta hitzarmen-prozesu bati ekiteko, ondoren Birgaitze Integraturako Plan Berezia berrikusteko —2020an hastea aurreikusi da—.

800 urtetik gorako historia

Hirigune Historikoak 26 hektareako azalera du, eta kultura eta ondare balio handia du, materiala zein inmateriala. Biztanle kopurua Gasteizko biztanleria osoaren % 3 besterik ez da, 7.034 pertsona orotara, eta kopuru hori gutxituz joan da. Hala ere, bertako biztanleetako askok partaide izatearen sentimendu handia dute, harro baitaude ezaugarri bereziak dituen inguru batean bizi izateaz.

Eraikitako ondarea 827 eraikinek osatzen dute, gehienak (740) bizitegietakoak, eta orotara 4.390 etxebizitza dago. Gainerako eraikinek (87) beste erabilera batzuk dituzte, besteak beste, kultura eta erlijioarekin lotutakoak, eta horietako askok monumentu izendapena dute.

800 urtetik gora duen multzo urbano horrek, kalteberatasuna gorabehera, "gaur egunera arte "bizirik" irauteko indar nahikoa erakutsi du; horrenbestez, birgaitze eta biziberritze berria planteatu beharra dago, ikuspegi integral batetik, geroko belaunaldientzat kontserbatuko dela eta bideragarri aizango dela bermatzearren", nabarmendu du Ana Oregik.