BILBO. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak urteko 9 milioi euro bideratuko ditu iturri berriztagarrietatik sortutako energia elektrikoaren bidez guztiz hornitzera. Horrela, % 100ean energia-iturri garbien bidez hornituko da hurrengo bost urteetan, guztira 415GWh kontsumoarekin 592 puntutara hornitzeko.

Kontratu berriak datozen bost urteetan energiaren erosketa-prezioa finkatzeko aukera ematen du, eta horrek, malgutasun handia eskaintzen du energiaren merkatuak eskaintzen dituen momenturik onenak aprobetxatzerako orduan.

Bestalde, Ur Partzuergoak, datozen asteetan, Beteluriko EUTn elektrizitate fotovoltaikoa sortzeko zentral bat eraikitzeko obra adjudikatzea aurreikusi du. Plantaren autokontsumora bideratutako instalazioari esker % 15 murriztu ahalko da instalazio horren faktura elektrikoa: Instalazio hori erakundeak kudeatzen duen edateko ura tratatzeko estazio nagusia da. Instalazio fotovoltaiko hori azalera handiagoko ur tratatuko biltegiaren gainean instalatuko da, hegoaldera begira, eta 1.488 eguzki-panelez estalita egongo da. Beteluriko EUTak eguzki-orduetan (1.200 ordu urtean) betetzea espero den 500 kwh-ko kontsumoa du.

Ur Partzuergoak, bestalde, uraren indarra aprobetxatzearen bidez energia berriztagarria sortzen duten beste instalazio batzuk ere ditu. Ura Zeanurin eta Boluetan turbinatzen da, nagusiki, eta 8,2 Gwh sortzen du; horri esker, Bizkaiko herritarrei edateko ura hornitzeko beharrezkoa den kontsumoaren % 63 betetzea ahalbidetzen du.

Ekonomia zirkularraren esparruan, saneamenduaren ustiapenean, Ur Partzuergoak Galindoko HUAren lohien bero-indarra aprobetxatzen du urteko 6 Gwh sortzen duten bi lurrun-turbinekin energia elektrikoa ekoizteko. Horrek esan nahi du araztegiak bere energia propioarekin hornitzen duela bere burua % 14an. Era beren, lohiak egonkortzeko prozesuan sortutako gasa darabilen 60 Kw-ko lurrun mikroturbina txiki bat du Arriandiko HUAn (Iurreta).

Bestalde, Ur Partzuergoak urtebete baino gehiago darama uraren presioaren kudeaketa dinamikoarekin bigarren mailako sarean hornidura hobetzen, leherdurak eta ur-ihesak murrizte aldera, mekanismoak bere burua hornitzea ahalbidetzen duen pikoturbinak dituen sarean zenbait dispositibo instalatuz.