BILBO. Lolita Floresek inauguratuko du Eibarko Antzerki jardunaldia hitzaldi-solasaldi batekin. Jardunaldiak, otsailaren 26an hasita, apirilaren 2ra arte luzatuko dira. Aurtengo edizioan Imanol Arias, Adriana Ozores eta Luis Piedrahita izango dira. Omenaldia egingo zaio jardunaldien fundatzaileetako bat izan zen Juan Ortegari.

Inaugurazio-ekitaldian Lolita Floresek parte hartuko du, haren antzezkide Luis Mottolarekin batera; bertan, antzezle eta abeslari izaeraz hitz egingo du, bai eta artista familia bateko kide izateak bere ibilbidean izan duen eraginaz.

Hala, otsailaren 27 eta 28an, Lolita Floresek "La fuerza del cariño" Dan Gordonen obra antzeztuko du, Magüi Miraren bertsio eta zuzendaritzapean.

Antzerki Jardunaldiek urteroko osagaiak batzen dituzte euskal antzerkiaren programaziorik sinesgarrienetako bat aurkezteko. Aipatutako Lolita Flores aktoreaz gain, beste antzezle entzutetsu batzuek parte hartuko dute, hala nola, Imanol Arias, Adriana Ozores eta Luis Piedrahita.

Euskal konpainiei dagokienez, Vaiven, Artedrama, Tartean, Ados Teatro, Marie de Jongh eta Cancamisa egongo dira. Halaber, Sevillako Atalaya konpainia, Histrión granadarra, Galiziako Pistacatro eta Chevere, Eléctrico28 eta Kataluniako Brodas Bos dantza, hip-hop eta kultura urbanoko konpaina ere etorriko dira.

Balio berriak ere plazaratuko dira, esaterako, Irene Hernández eibartarra partaide den Kokreta konpainia; tokiko konpainiak Antzerki Sarearekin; eta antzerki unibertsitarioa, oraingo honetan Ourenseko Unibertsitate Antzerki Gelak antzeztua.

Xehetasun guztiak laster egingo den prentsaurrekoan aurkeztuko dira.

Gainera, omenaldia egingo zaio jardunaldien fundatzaileetako bat izan zen Juan Ortegari, zeina lau hamarkadetan zehar jaialdiaren aurpegi ikusgarrienetako bat izan den.

Azkenik, azpimarratu behar da aurtengo edizioaren kartela Iñaki Larrañaga artista eibartarrak egin duela.