Prezio apaleko aparkaleku berria eraikiko dute aurten Biarritzeko aireportuan eta lanak nahi bezala igarotzen badira gune hori datorren udarako prest izanen dela diote zuzendaritzatik. Hamar mila metro karratuko aparkaleku berria gaur egun dauden bost guneak baino askoz merkeagoa izanen da. Denera 450 ibilgailu hartu ahal izanen dituen aparkalekua urrunena izanen da aireportutik eta erabiltzaileek asko ibili beharko dute oinez. Berritasun asko dago aurrikusita Biarritzeko aireportuan. 2012tik 2025era bitartean hirurogei milioi euroren inbertsioa eginen dute dena moldatzeko.
Laino lodia dela eta abenduan ere Londres, Paris eta Lyonerako hainbat hegaldi bertan behera utzi zituzten Ipar Euskal Herriko aireportu bakarrean. Hegaldi batzuk hiru orduko berantarekin heldu ziren eta beste batzuk Pauera desbideratu behar izan zituzten. Lainoarekin lur hartu eta aireratzeko teknologiak hamabi milioi euroren inbertsioa eskatzen du eta zuzendaritzaren arabera gehiegi da urtean hamar bat hegaldirentzat.
Urtean ia milioi bat eta berrehun mila bidaiari dabiltza Lapurdiko aireportuan eta %20 inguru hego Euskal Herrikoak dira. Gaur egun, 9 konpainiak 16 linea proposatzen dituzte bertan. Air Francek Niza eta Estraburgora doazen hegazkinak dauzka ere larunbatetan Gabon garaian eta otsailaren 2tik martxoaren 7a arte. 2019an bi aldiz itxi ditu ateak, G7 gailurra zela eta abuztuan, eta hilabete bateko lanengatik otsailean. Joan den udan Emmanuel Macron presidenteak gonbidatuta munduko agintari gorenak eta Irango atzerri ministroa bertatik igaro ziren. Aurreko neguan barruko harrera gelak, merkatal gunea eta 2.250 metroko luzaera eta hogei zentimetroko loditasuna duen pista osoki berritu zuten. Angeluko lurretan dagoen pistaren bi aldeetan euria biltzeko hodiak eta argiztapena berritu zituzten ere.
Autoak alokatzeko enpresak aireportutik kanpo daude orain, aparkalekuen ondoan hain zuzen. Azkenik, Brexita dela eta barnean ere aldaketak egin behar izan zituzten hesi berria ezarriz adibidez. Lehen kanpoan zeuden jendeak hurbiltzen ziren maletak banatzen diren tokira baina segurtasun neurriak direla eta orain hori ezinezkoa da.