Antonio Truebaren jaio-tzaren bigarren mendeurrena gogoratzen dugu. 1819ko abenduaren 24an, Marta Quintana Sopuertatik bere jatorrizko etxera joan zen erditzera, Montellanora. Herritar xumeak ziren gurasoak, baserri giroko lanbidetara lotuak.Baina Antonio XIX. mendearen bigarren erdian Euskal Herriko pizkunde literarioaren pertsonai ezagunena bihurtu zen baita, aldi berean, foru abertzaletasun burujabearen adierazpenetan ere. Kazetari trebea izan zen eta gaztelera errazean komunikatzaile ezin hobea bihurtu zen. Ospe eta itzal handikoa bihurtu zen. Horren adibide, Ameriketan eta Bilbon diru bilketak egin zirela Albian berehala monumentua eraikitzeko. Argitaratu zituen lan nagusien bilduma ere egin zen baina ez guztiena. Oraindik bildu gabe daude. Baina 2019 urte honetan, gaur egungo historiazko masterreko ikasleei galdetu diet nor zen Antonio Trueba eta hara, ezezaguna da. Egia esan, txinatar eta mexikar bat daude ikasleen artean baina besteak Historia fakultatetik etorri dira. Beraz, ez da hain ezaguna belaunaldi gazteentzat.

Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Enkarterriko Museoak Truebari buruzko erakusketa eta liburu berria eratu dituzte.

Truebaren garaia Bizkaian

Truebaren bizitzan barrena Bizkaiko egitura politikoan eta juridikoan hainbat aldaketa gertatu ziren. Jaio zenean, Bizkaiko konstituzio forala indarrean zegoen. Baina ondoko urtean Batzar Nagusiak eta Diputazio nagusia ezabatuak izan ziren. 1823ra arte eta 1844tik 1877ra arte Foru Diputazioa edo gobernua eta Batzar Nagusiak Espainiako Monarkiaren konstituzio liberalari uztarturik, indarrean egon ziren. Baina Antonio Cánovas del Castillo buru zuen gobernu zentralak, 1876ko uztailaren 21ean onartutako legean oinarriturik, berme konstituzionalak etenda zeudela eta Espainiako armada euskal hiriburuetan kantonatuta zegoela, foru erakundeak ezabatu egin zituen. (Ikus ida-tzi genuen Bizkaiko Diputazioaren Historia, 2014).

Bizitzaren aldiak

A. Truebaren bizitzan barrena, lau aldi bereiz di-tzakegu: 1.- Haurtzaroa eta nerabezaroa. Sopuertan (1819-1834). 2.-Madrilgo giroan bizimodua irabazten (1834-1862). 3.- Bizkaiko erakundeen alde, Bilbon (1862-1873) eta Madrilen (1873-1876). 4.- Bilboko giroan, literatura lantzen eta foru erakundeen berreskurapena eska-tzen (1876-1899)

Abertzaletasunaz

Amor a la Patria. "Tenía razón Adolfo de Aguirre: uno de los caracteres más distintivos de los hijos de las montañas, ya permanezcan en la tierra nativa o ya vivan lejos de ella, es el patriotismo, es el amor a la tierra en que nacieron". Capítulos de un libro sentidos y pensados viajando por las provincias vascongadas. Madril, 1864, 41 o.

1864an, Amor a la Patria atalean, A. Truebak gaiari buruz zuen ikuspegia garatu zuen: jaioterriko herriminaren eta aberriarekiko maitasuna Espainiako antolamendu politiko orokorrari zegokion aberriarekin uztartzen zuen. Abertzaletasun bikoitza aldarrikatzen zuen: politikoki foru abertzaletasuna eta Espainiarekikoa ("España, patria común de todos los que hemos nacido aquende y allende el Ebro").

1839az geroztik, bi abertzaletasun politikoak, bi konstituzioak, Bizkaikoa eta Espainiakoa indarrean izanik, koroa, Isabel II.a erregina, agiri zen bien arteko talkak ebazteko gune. Eta erregina A. Truebaren literatur lanen editorea ere bihurtu zen.

Beraz, Bizkaiko foruzaleen ikuspegian, Trueba sustatzea, aukera zuzena zen erreginaren Gortean eragin bidea antolatzeko. Hortaz, foruzaleen eskema politikoaren arabera, balio politiko izugarrizko pertsonaia bihur zitekeen, Madrilen arrakasta izanez gero, Bizkaira ekarri behar zuten.

Bizkaiko Diputazioan, Bilbon, Enkarterriko buruzagiek eragile taldea eratu zuten, J. Miguel Arrieta Mascarua buru zelarik eta A. Trueba Madriletik Bizkaira ekartzeko prentsan kanpaina abiatu zuten.

1862: kronikaria eta artxibozaina

Madrilen literaturan trebatu zen baina baita politikan ere. Inspirazio liberaleko foruzaletasun politikoak Madrilen zuen ideologo nagusietako bat, Pedro Egaña zen, Isabel II.aren tronuaren defendatzailea, La España egunkaria editatzen zuen eta Trueba kolaboratzailea izan zen. 1853an, lehen aldiz, Iparragirrek Gernikako Arbola Madrilen kantatu zuen.

Euscalduna egunkariak inspirazio tradizionalistako foruzaleen iritzia zabaltzen zuen, katoliko izenlaguna kategoria politiko bihurtzen hasi zen garaian. Euscalduna egunkariaren argitaratzaileak T. Astuy-k gutun bat igorri zien Bizkaiko udalei, sinadurak eskatuz, "en obsequio del escritor vascongado D. Antonio Trueba". Dirudienez, 2.000 sinaduratik gora aurkeztu zituzten Batzar Nagusietan.

1862ko uztailerako deitutako Ba-tzar Nagusietan A. Trueba Diputazioko langile izenda zezaten -kargu bikoitzarekin, Bizkaiko artxibozain eta kronikari- J. M. Arrieta Mascarua diputatu nagusi ohiak prestatu zuen. Batzar Nagusietan bertan, Balmasedako ordezkari C. González de Mendiak eta A. Arguinzonizek aurkeztu zuten. Aldi berean, 1862ko Ba-tzar Nagusietan, aho batez onartu zuen batzarrak. Urrian Bizkaiko Foru Diputazioan lanean hasi zen, Bilboko Plaza Berrian eta aldi berean kazetari eta argitalpenak egiten jarraitu zuen. Irurac Bat Bilboko liberalen egunkariak ere txalotu egin zuen A. Truebaren kontratazioa eta hauek bi egunkariotan idazten zuen.

Batzar Nagusiak, Gernika (1864)

1864ko ekainean, Espainiako Senatuan aurrekontuak eztabaidatzen ari zirela, Pedro Egañak "euskal naziotasuna" aipatu zuen eta zalaparta piztu zenez, sinonimo neutroagoa erabili zuen, "antolamendu berezia", euskal foruen bidezko erakundetzea azaltzeko. 1839an, jadanik, Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazita zuten foruen bidezko erakundetzeak, Bizkaiaren "izate politikoa" eta nortasun politikoa aitortzen ziola.

1864ko uztailean, Gernikan Batzar Nagusietan, P. Egaña eta J. Barroeta Aldamarren Foruen erakundetzearen aldeko portaera txalotzeko, Miguel Loredok, Portugaleteko ordezkariak, hau adierazi zuen: "Son dos palabras sagradas (...) que hacen el encanto de nuestras almas; (...) ¡JAUNGOICOA ETA FORUAC!".

Eta giro horretan 1864ko uztailaren 24an, Batzar Nagusietako 3 ordezkarik zera eskatu zioten Bizkaiko Foru Diputazioari, euskal hizkun-tzari buruzko katedra sor zezala Bizkaiko Ikastetxean, zeren "Allí donde concluye la lengua de los pueblos concluye su nacionalidad". 1860ko hamarkadan, Bizkaiko jatorrizko independentziaren ideia, Ba-tzar Nagusien burujabetza aldarrikatzeko abiapuntua zen. A. Truebak idatzi zuen Bizkaiko historian ere jatorrizko independentziaren tesia abiapuntua zen XIX. mendeko burujabetza bermatzeko. J. E. Delmasek Bizkaiaren jatorrizko independen-tzia defendatu zuen Gasteizko Institutuko irakaslea zen Orodearekin izandako eztabaidan (1868).

Hortaz, foru abertzaletasuna eta euskal naziotasuna bateragarriak eta uztargarriak ziren espainiar abertzaletasunarekin Monarkia berean. Hori dela eta, konstituzionalismo bikoitza (Foru Konstituzioa eta Espainiako Konstituzioa) eta abertzaletasun bikoitza indarrean ziren, eta testuinguru horretan kokatu behar dugu A. Truebaren ekarpena, Espainiako monarkia, estatu konposatu gisa ulertzen bai-tzuen.

1867an Pariseko nazioarteko erakusketan aurkeztu zuen Bizkaiko gizartearen azterketa historiko-soziologikoa: Bosquejo de la organización social de Vizcaya. F. Le Playk eta beste soziologo kontserbadore batzuek goretsi egin zuten. Bizkaian berdintasuna foruen ondorioz sortzen zen "por la tendencia a la igualdad de las leyes forales que tan noble consideran al pobre colono como al rico propietario"(...) "Vizcaya, en fin, ama sus seculares libertades porque nada tienen que envidiar a las libertades modernas". Idealizazio erromantikoa garaiko buruzagien gustukoa asmatu zuen eta eragina izan zuen. Baina 1870ean jadanik, Bilbon 450 langile Lehen Internazional erakundean antolaturik zeuden eta 1869ko martxoaren 20an, Irurac Bat egunkariak: "Escasez y penuria en que se ven sumidos obreros laboriosos y morigerados y familias infelices que de un precario jornal dependen para su sustento". Bilboko udalak, 1868an, jangela merkeak antolatu zituen langileen-tzat.

Gerra giroan (1869-1876)

1869ko hauteskundeetan eta ondokoetan, Jaungoikoa eta Foruak aldarrikatuz erabateko nagusitza lortu ondoren Euskal Herrian, azkenean borroka armatuari ekin zioten eta Foru erakundeak ahuldu egin ziren. A. Trueba karlista zelakoan, lanpostutik kargugabetu egin zuten (1870). Baina 1873an, lehen errepublika federalaren garaian eta karlisten oldartze armatua gertatzen ari zenean, egunkari berri bat sortu zuen El Correo Vascongado, Foruak, Monarkiaren eta Alfonso XII.aren alde, A. Cánovas del Castilloren ildoan. Azkenik Madrilera alde egin zuen.

1876an aldiz, Batzar Nagusiek artxibozain postuan berrezarri zuten eta seme kutuna izendatu. 1876ko uztailaren 21eko legea sala-tzeko eta Alfonso XII.a eta A. Cánovasen aurrean foru erakundeen jarraipena sustatzeko, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko erakundeen izenean foru abertzaletasun burujabearen aldarria idatzi zuen. Baina ez Alfonso XII.ak ezta A. Cánovas del Castillo ez zioten jaramonik egin eta elkarrengandik urrundu egin ziren. Baina honezkero, A. Truebak Foru aber-tzaletasunaren historian barreneko kontakizuna burutu zuen.

Azken urteak

Aurrerantzean, euskal kultur pizkundearen ikono bihurtu zen, ezinbestekoa euskal jaietan, euskara eta literatura sortzaileen aldekoa. Foru abertzaletasunaren aldeko aldarriak sustatu zituen hil arte eta, aldi berean, joera guztietakoen begiko bihurtu zen.