DONOSTIA. Donostiako Miramar Jauregiak 'Genero programak eta politikak Kulturan' jardunaldiak hartu zituen atzo. Topaketan, jakinarazi zenez, "Euskadiko emakumeen eta gizonen desberdintasunak kulturaren arloan ere islatzen dira", eta erakunde kulturaletako zuzendaritzari dagozkien postuen % 37a bakarrik dagozkie emakumeei.

Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak lagunduta, jardunaldietako hizlariek prentsaurrekoa eman zuten goizean, eta jardunaldien ondorio nagusiak azaldu zituzten. Adierazi dutenez, sektore ezberdinetan egindako diagnostikoei esker egiaztatu ahal izan zuten genero-ikuspegitik oraindik ere arazoak daudela ikusgarritasunari, soldata-desberdintasunari, zuzendaritza-postuetan emakumerik ez egoteari edo okupazio-tasari dagokienez.

Analisi horiek Kultura Auzolanean ekimenaren barruan bultzatu dira, eta prestigio handiko profesionalek egin dituzte, horiek ere parte hartu dutelarik gaurko jardunaldietan: Eneritz Artetxe Aranaz (antzerki-sorkuntza), Maria Goiricelaya Buron (antzerki-industria), Igor de Quadra Belausteguigoitia (dantzaren sorkuntza), Jemima Cano Martínez (dantzaren industria), Tere Irastorza Garmendia (literatura-sorkuntza) eta Ainhoa Novo Arbona (liburuaren industria), Ainara LeGardón Pérez (musika sorkuntza) eta Amaia Ispizua Gisasola (musikaren industria). Lau sektore horien diagnostikoak irailean aurkeztu ziren Kulturaren Euskal Kontseiluko kideen aurrean, eta horiei gehitu behar zaizkie 2017an ikus-entzunezkoen eta artearen arloan egindakoak.

Ondorioak

Ainhoa Novo EHUko Gizarte Zientzietan doktorea arduratu da jardunaldien ondorio nagusiak azaltzeaz. Adierazi duenez, "emakumeak diziplina guztietan prestatzen ari diren pertsonen % 70 dira, musikan izan ezik (% 56), eta emakumeak, berriz, enpresa eta erakunde kulturaletako zuzendaritzetan % 37 dira, diziplinen arabera ñabardura handiak dauden arren". Hala, disko-saltokietan ez dira % 10era iristen; liburu-dendetan, berriz, % 60 emakumeak dira. Dena den, gizonen presentziak nabarmenagoa izaten jarraitzen du.

Egindako diagnostikoen arabera, kulturaren munduan emakumeen okupazio-tasa (2018. urtea) Estatuan baino handiagoa den arren, Euskal Autonomia Erkidegoan alde nabarmena dago gizonen eta emakumeen artean: % 55,1eko okupazioa gizonen artean eta % 46,5ekoa emakumeen artean. Era berean, ikerketak erakusten du emakumeen presentzia nagusi dela kudeaketa- eta administrazio-postuetan (% 69,9), eta profil teknikoko lanpostuak (emakumeak % 43,8 dira) eta zuzendaritzako lanpostuak (emakumeak, % 37,1) gizonek betetzen dituztela batez ere.