BILBO. UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzaile diren Agustín Etxeberria, Ainara Sangroniz eta Haritz Sardónek bilgarrietarako material erabat birziklagarriak diseinatu dituzte, Coloradoko Estatu Unibertsitateko ikertzaileekin elkarlanean. Honekin, plastikoak mundian eragiten ari den arazoari irtenbide bat bilatu nahi zaio.

«Bilgarriak beharrezkoak dira elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko ?azpimarratu du Haritz Sardón ikertzaileak?. Bilgarriak babesten du produktua kanpo-eragileen aurrean. Oro har, propietate mekaniko onak (harikortasun handia) eta gasekiko eta lurrunekiko iragazkortasun txikia izan behar dituzte; alegia, hesi propietate onak. Bilgarrien sektorean, plastikoak dira material erabiliena, propietate fisiko onak, arintasuna eta kostu txikia direla kausa. Alabaina, egoki birziklatzeko sistemarik ez dagoenez eta ez denez material biodegradagarria, ingurumenean pilatu eta pilatu ari da, arazo neurriz kanpoko bat sortuz».

Arazoa konpontzeko, material biodegradagarriek askoren interesa erakarri dute. Polimero horiek, baldintza egokietan, degradatu egiten dira, eta karbono dioxidoa, ura, biomasa, eta abar sortzen dituzte. «Polimero biodegradagarrien artean, poli(azido laktikoa) da etorkizun oparoa izan dezaketenetako bat. Hala ere, oso zurruna eta hesi ahalmen txikikoa denez, aipatu materiala ez da egokia material komertzialak ordezteko», adierazi du.

Horrenbestez, birziklapen kimikoa gero eta garrantzitsuagoa da. «Material mota hori ?dio UPV/EHUko ikertzaileak?, behin balio bizitza amaituta, kimikoki birzikla daiteke, eta jatorrizko monomeroa edo monomero berriak lor daitezke. Monomeroa berrerabili egin daiteke, materiala berriro sintetizatzeko. Hala, ez da hondakin plastikorik sortzen.

Ikerlan honetan, kimikoki birzikla daitezkeen bi homopolimero aztertu dira: poli(gamma-butirolaktona) homopolimeroak propietate mekaniko egokiak ditu, baina oso iragazkorra da gasekiko eta lurrunekiko. Bestalde poli(trans-hexahidroftalida) homopolimeroak kontrako propietateak ditu; oso zurruna da, eta iragazkortasun txikikoa. Horrenbestez, kopolimeroak garatzeko hautua egin da, konposatu/monomero horiek biak konbinatuta. Osaera moldatuta, propietate mekaniko eta hesi ahalmen egokiko materialak sintetizatu ahal izan dira, zeinak polimero biodegradagarriak baino hobeak eta gaur egun bilgarrietan erabiltzen diren materialen parekoak baitira», nabarmendu du.