Bilbo - “Euskaltzaindiaren historia laburtua iruditan eta modu ulergarrian ematea lortu da komiki honetan”. Hala definitu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak Noticias Taldeak argitaratutako komikiaren ardatza; Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna izena duena eta atzo Akademiaren Bilboko egoitzan aurkeztu zena. Eroskiren laguntzarekin argitaratu du liburua komunikazio taldeak; eta datorren asteko igandean, urriaren 6an egunkariarekin batera salduko da Juan Luis Zabala idazleak eta Amaia Ballesteros ilustratzaileak ondutako lana.

Iñaki Alzaga Noticias Taldeko Zuzendari Nagusiak azaldu zuenez, Akademiaren mendeurrenaren baitan sinatutako akordioaren baitan kokatzen da egitasmo hau. Hala, komikiak Euskararen Akademiaren jarduna “oso erraz” islatzen duela azaldu zuen Alzagak; “gazteek haien lana ikusteko baliagarria izango dena”.

Jose Antonio Yela, Eroskiren kanpo harremanen arduradunak bere aldetik; enpresak euskararekin duen konpromisoa gogora ekarri zuen; 1978tik euskara erabiltzen baitute etiketetan. Gainera, Alzagak esandakoa berretsi zuen;hau da, gazteei Akademiaren ehun urteko jarduna erakusteko modu egokia dela komikia. Hortaz, liburu ilustratu honen argitalpenean laguntzea, enpresa euskaldunaren jardunarekin bat egiten duela adierazi zuen Yelak.

Horrenbestez, liburu honen argitalpenaren arduradunek ingurumena zaintzeko konpromisoa erakutsi zuten, prozesu guztian paper ekologikoa erabili dela azaldu baitzuten.

Juan Luis Zabala komikiaren gidoigileak bere aldetik, “helburua, mamiari uko egin gabe, Euskaltzaindiaren jarduna modu entretenigarri eta bizi batean islatzea” izan dela azaldu zuen. Izan ere, Euskararen Akademiaren irudi zaharkitua alda- tzen saiatu da idazle azkoitiarra; horretarako, zuri beltz koloreez harago, tonu biziak erabili dituzte eta etorkizunarekin lotu dute Akademiaren historia; gainera androide baten bidez egin dute historiaren kontaketa komikian. Ballesterosek gaineratu zuenez, Blade Runner-en itxura ematen saiatu da, “ukitu futurista eta moderno bat emateko”.

Ilustratzailea zazpi hilabeteko lana suposatu duen prozesuaren emaitzarekin pozik agertu zen, izan ere, erronka handia izan den arren, “maite dudan hizkuntza honen historia nire komikiaren bidez kontatzea ohorea izan da”, irudigilearen hitzetan.

72 orrialde ditu guztira liburuak; eta datorren igandean taldeko egunkariekin; DEIA, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Álava eta Diario de Noticias egunkariekin salduko da 9,50 euroko prezioan. Gainera, ehun urteko historia banatzeko, lau ataletan dago sailkatuta komikia. Lehenengoan, sorreratik (1919tik) 36ko gerrara arte eman ziren pausoak azaltzen dira; bigarrenean, 36ko gerratik euskara batuaren sorrerara arte doa, hau da, 1968ra arte. Azkenik, hirugarren eta laugarren atalek 1968tik 2005era, eta 2005etik gaur egunera arte gertatutakoa islatzen dute.

Gizarteratze prozesua Modu honetan, Euskaltzaindiak gizartera- tze prozesuan beste urrats bat eman du Urrutiak azaldu zuenez, izan ere, Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna izeneko komikian “ibilbide instituzional bat modu ez instituzionalean” islatzea lortu da. “Eta ez da bakarra izango”, euskaltzainburuaren esanetan. Orain, ikus-entzunezkoen txanda helduko baita, datorren astean, urriaren 2an mendeurrenarekin lotutako dokumental bat aurkeztuko du Akademiak, gizarteratze prozesu horretan murgiltzeko helburuari jarraiki. Euskaltzaindiak azken hilabeteetan antolatuko ekimenen artean; jardunaldi akademikoak edota kulturarekin lotutako jarduerak egon dira; hala nola, Ghero eta Biz Hitza obrak. Helburua, Euskaltzaindiaren lana jendartearengana hurbiltzea izan da, Urrutiak adierazi zuenez, “mendeurrena ez baita gauza akademiko hutsa”.