Egunero, 13.000 erabiltzaile pasa garraiatzen ditu Trambusak, Baionaldean dagoen garraio publiko berriak. Irizar enpresak Adunan (Gipuzkoa) ekoizten ditu argindarrarekin dabiltzan autobusak. “Euskal Herria eta Europan ere proiektu aintzindaria da, guretzat oso garrantzitsua da autobusak eta bateriak kargatzeko guneak hornitu ditugulako Lapurdin” pozten da Hector Olabegogeaskoetxea Irizar e-mobility enpresaren zuzendari nagusiak. “Baionan bezala Amiens eta Aix en Provence hirietan dabil Trambusa, Bartzelonan ere eta laster Gasteizen ere bai. Trambusaren bateriak kargatzeko pantografo bat jartzen zaio teilatuan eta bost minutu besterik ez dira behar, hamabost hogei kilometro egiteko autonomia daukagu horrela”. Isilak izateaz gain 18 metroko luzaera duten autobus elektriko hauek ez dute inolako kutsadurarik eragiten eta 155 bidaiari har ditzakete, horietarik 37 eserita. Tokia dago ere elbarritu eta umeen karroentzat, eta gainera erraz igo litezke Trambusera.

Gaur egun Baionaldean mugimenduen %4 baizik ez dira egiten autobusez. “%10-15era heldu nahi genuke datozen bost urteetan. Herritarrak seduzitu behar ditugu eta horretarako autobus eroso eta modernoak eraiki ditugu”, dio Damiel Duhamel Iparraldeko Elkargoaren garraio saileko arduradunak. “Gure 10 autobusek wifia daukate eta baita usb sarrerak aulki ondoan telefono mugikorrak kargatu ahal izateko. Iraultza egin nahi dugu molde ludikoan oinezkoei ere toki gehiago emateko”.

Trambusaren lehen lineak Miarri- tzeko herriko etxea eta Baiona iparra lotzen ditu Angelun barrena. Hamabi kilometroko ibilbidean 31 geltoki dauzka eta lotune asko osoki berritu dituzten beste autobus lineekin. Datorren martxoan hamahiru kilometroko bigarren linea inauguratuko dute Tarnos eta Baiona hegoaldea artean.

Baionaldean egunero noiz nahi gertatzen diren auto ilarak murrizteko asmatu dute garraio publikoaren ardatz nagusi berria; eta horretarako 168 milioi euro inbertitu dituzte, garraio publikoa bermoldatzeko. Herritarren %55ak etxe ondoan dauka Trambusaren geltokiren bat. Ibilgailu berria hamar minuturo dabil 5etatik 24:30 arte, eta goizaldeko 2:30 arte ostegun, ostiral eta larunbatetan.

Ipar Euskal Herriko hautetsiek argi dute Trambusak ez dituela arazo guztiak bat batean konponduko baina erantzunen artean bat da Claude Olive Elkargoaren presidente ordearen hitzetan. “Bi lineen puntetan aparkaleku zabalak eraikiko ditugu eta Lapurdiko autobideetan deskontuak eginen ditugu urrian hasita Baionaren saihesbidea izan dadin erabiltzaile ainitzentzat”.

Zenbait auzotan jendea haserre dago Trambusa ez baita bertatik igarotzen. “Hiri handietan metroa ez da denetan ibiltzen. Bizkar hezurra da eta gero beste lineak eta beste autobusak ezarri behar dira dena lotzeko” zehaztu du Olivek.

Mugerre eta Milafrangaraino doaz orain Baionaldeko autobusak. Dena den, Bidarte eta Bokalen zeuden zerbitzuen bermoldatzeak aldaketak eta zerbitzuaren kalitatearen apaltzea eragin omen du hainbat erabiltzaileen ustez. Miarritzen ere ume asko eskolara berandu iristen direla salatu dute hainbat gurasok. Duela zenbait urte hautetsiek iragarri zuten Trambusak bere erraiak izango zituela ibilbide osoan. Azkenean %60 baizik ez da lehen linean eta martxoan zabalduko duten bigarrenean ez dago oraindik argi. Euskarak tokia izanen zuela Trambusean hitz eman zuten ere baina euskatzale askok deitoratu dute elebitasun orekaturik ez dagoela. Euskara ez da beti agertzen eta dagoenean hizki txikiekin dago.