BILBO. 17:30ean, herri kirolen erakustaldian, hiru aizkolari bikote eta fardo jasotzaile bat arituko dira jardunean. Amaitzeko, 19:30ean, dantzaldia izango da, Gabezin taldearekin.

Ohi bezala, egunean zehar, eskulanak erakusteko eta saltzeko postuak egongo dira, baita bi txosna ere, bazkaltzeko eta edateko. Artikutzako argazki zaharrak ikusteko aukera ere izango da.

Donostiako Udaleko Ekologiako zinegotzi Enrique Ramosek nabarmendu duenez, “2019a urte berezia da, aurten baitira ehun urte Donostiako Udalak Artikutza erosi zuela. Donostia urteetan aritu zen jabeari ordaintzen ur haiek hornikuntzarako erabiltzeagatik, kalitate handikotzat jotzen baitziren, eta, 1919an, erosi egin zuen finka. Horren truke 3.250.000 pezeta ordaindu zituen, alegia, gaur egungo baliora ekarrita, 7,3 milioi euro inguru”.

Artikutza Natura

Gainera, Artikutza Natura programaren barruan, finkaren ingurumen balioak ezagutarazteko hainbat jarduera egiten dira aldian-aldian:

Natur Eskola: urtean 500 ikasle baino gehiago joaten dira, egun bateko edo biko programaren arabera; bi egunerako joanez gero, aterpetxean egiten dute lo.

Bisita gidatuak: webgunean iragartzen dira, eta taldeentzat bisitak nahieran kontratatzeko aukera ere badago.

Artikutzari buruzko buletina: urtean lau informazio buletin argitaratzen dira.

Halaber, Nafarroako Gobernuarekin adostuta, espezie autoktonoak aldatzen ari da Udala, Artikutzan duela hainbat hamarkada sartutako kanpoko espezieak ordezteko. Bidea dagoen tokietan soilik egiten dira basoberritze lanak, beste pistarik edo ateratze biderik ez zabaltzeko.