BILBO. Bingen Zupiriak euskal kultura nazioartekotzeak duen garrantzia nabarmendu du Edinburghen. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdiA bisitatu da. 48 euskal sortzaile jaialdietan parte hartzen ari dira Etxeparek egindako lanari esker.

#ScotlandGoesBasque programari esker, euskal kultura ikusgai egiten ari da urte osoan zehar Eskozian. Neguan euskal musika izan zen protagonista, eta udaberrian euskal zineak hartu zuen lekukoa. Orain, abuztuan, arte eszenikoen eta literaturaren txanda da. Eta Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival dira geraleku berriak. Etxeparek abiatutako bide berri honen garrantzia azpimarratu du: “Etxepareren lanari esker euskal sortzaileek beren talentua mundu osoko hainbat herrialdetara eraman dute azken urteetan. Aurten, urteroko lan hori egiteaz gain, Etxeparek erronka berri bat ezarri du: herrialde bat lehenetsi eta nazioartean euskal kulturaren erakusleiho nagusi bilakatu. Eta helburua da urtez urte proiektu honi ekitea. Eskozia izan da lehen geldialdia, Euskadi-Basque Country estrategiaren baitako lurralde estrategikoetako bat delako eta kulturak pisu handia duelako herrialde honetan, batez ere udako jaialdietan. Ikusten ari gara erabaki zuzena izan dela, eta datorren urtean bide honi jarraipena emango diogu, Quebecen”.

Bisita honen barruan Zupiria sailburuak Eskoziako Gobernuko Kultura, Turismo eta Kanpo Gaietarako kabinete idazkari Fiona Hyslopekin biltzeko aukera izan du (kabinete idazkariak Euskadiko sailburuen kargu baliokideak dira), etorkizunean proiektu eta esperientzia berriak partekatzeko aukerak aztertzeko. Sailburuak nabarmendu duenez, kulturaren arloa estrategikoa da aipatutako Euskadi-Basque Country nazioartekotzeko estrategian: “Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskadi-Basque Country 2020 estrategiak nazioartekotzerako tresna estrategiko gisa identifikatzen du kulturaren arloa, industria, turismoa edota kanpo-harremanekin batera. Gure herriaren irudia zeharo aldatzen ari da azken urteotan, eta denok ikusten ari gara kulturak hartu duen pisua Euskadiren irudi berri horretan. Gero eta gehiago ikusten gaituzte kulturan interesa duen herri bat bezala; nazioartean gero eta ikusgaiagoa da gure kultur eskaintza: gure museoak, jaialdiak edota sortzaileak. Horrekin batera, Euskadin bertan egiten dugun apustu horrez gainera, uste dugu egokia dela gure sortzaileei aukerak erraztea beren talentua gure mugetatik harago eraman dezaten. Eurek eskertu egiten dute beren ibilbide artistikoan oso lagungarria izan daitekeelako eta, era berean, gure kulturaren enbaxadore bilakatzen dira”.

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako #ScotlandgoesBasque programari esker, abuztuaren 8tik 17ra arte bereziki nabarmena izaten ari da euskal sortzaileen presentzia. Guztira, 48 euskal sortzaile parte hartzen ari dira Fringe eta Edinburgh International Book Festival jaialdietan. Arte eszenikoen mundu mailako jaialdirik handiena den Fringe jaialdian honako dantzari eta musikari hauek ari dira: 2Theatre antzerki konpainia, Tio Teronen Semeak, Krego-Martin Danza, Akira Yoshida, Proyecto Colectivo HQPC eta Atlantik 1050 ikuskizunean parte hartu duten artistak. Halaber, Edinburgh International Book Festival jaialdian parte hartzen ari dira Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte idazleak eta Joseba Etxegoien eta Eñaut Elorrieta musikariak.