pasaia - Antxoaren behin-behineko biomasak inoizko bigarren daturik onena erdietsi du aurten, 190.000 tonara helduz. AZTI zentro teknologikoa 1987an hasi zen ekimen honekin, eta urtero ebaluatzen du antxoa helduaren populazioak duen egoera.

Aurtengoa historikoa izatearen arrazoia agerikoa da: espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gomendagarria den gutxieneko marka nabarmen gainditu du, espeziearen jasangarritasuna bermatzen duen 21.000 tonatik gora dagoelako. Dena den, iazkoa da oraindik ere onena, 225.000 tona kalkulatu zituelako AZTIk 2018ko ekainean.

Datu hauek Bioman kanpaina zientifikoaren emaitzetatik datoz. Ikerketaren helburua antxoa helduaren ugaritasuna eta banaketa aurreikustea da, espeziearen kudeaketa iraunkorra egiteko. Izan ere, horrek bermatzen du antxoaren biziraupena, euskal arrantza sektoreko eta kantauriar kostalde osoko ekonomiaren zutabeetako bat dena. Aurten, udaberrian egin da, eguneko arraba ekoizpenaren metodoa aplikatuz (MPHD), eta hainbat azterketa eta laginketa eginez Bizkaiko Golkoan, horixe baita antxoa ugaltzeko esparrua. Antxoa helduen biomasa kalkulatzeko, planktonean aurkitutako arrautza kopurua eta emeen ugalkortasun maila hartzen dira kontuan. “Plankton laginak hartu ondoren, horietatik antxoen arrabak atera ditugu; aldi berean, antxoa helduaren laginketa egin dugu, batez besteko ugalkortasuna kalkula-tzeko, hots, eme bakoitzak batez bestean sortzen duen arraba kopurua kalkulatzeko”, azaldu du Maria Santos AZTIko Bioman kanpainaren arduradunak. Ikerketa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordetzak eta Europako Batzordeak finantzatzen dute, Arrantzategi Laginen Europako Erregulazioaren baitan (Datuak Biltzeko Europako Esparrua), eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza Idazkaritza Nagusiaren laguntza dauka.

Egindako azterlana AZTIk azaroan burutuko duen Juvena kanpainarekin osatuko da. Azken honetan, antxoa gazteen ugaritasuna eta espazio banaketa aztertuko dira biziraupenari daragioten faktoreekin batera. “Lortutako emaitzak kontuan hartuko dira antxoaren stockaren amaierako kalkulua egiteko eta Europar Batasunak ebaluazioaren hurrengo urterako ezarriko duen Urteko Harrapaketa Kopurua zehazteko”, nabarmendu dute AZTItik.

Edonola ere, antxoaren biomasaren behin betiko aurreikuspena Bioman eta Juvena kanpainen emaitza bateratutik etorriko da. Horri, Itsas Ustiapeneko Fran-tziako Ikerketa Institutuak (IFREMER) egindako Pelgas kanpaina eta flotak egindako harrapaketak gehitu beharko zaizkio. Azterketa hori, ICES WGHANSAko antxoa, sardina eta txitxarroaren lantaldeak egingo du.

AZTIRI BURUZ “AZTIn eraldatu egiten dugu zientzia, eta itsasoaren eta elikaduraren balio katearen desafio handiei erantzuteko irtenbide bihurtzen dugu. Horretarako, produktu, zerbitzu eta enpresa egitasmo jasangarriak gara-tzen ditugu, industri sarea dinamizatzeko eta baliabide naturalak lehengoratu eta zaintzeko”. Horixe dio AZTIk bere buruaz Interneten.

Gauzak horrela. ikerketa zentroa espezialista da elikagaien eta itsas-arrantzaren balio katean. Ikerketa estrategiko eta aplikatuan dihardu, ezagutza berriak sortuz, eta soluzio integralak eta berritzaileak eskaintzen ditu, negozio berriak dinamizatzeko.

Egindako lan eta ikerketek munduko institutu onenen artean jarri dute AZTI, artikulu bakoitzeko aipamen indizearen arabera, bere hainbat ikerketa arlotan. Era berean, AZTIk arrantza kudeaketan diharduten nazioarteko erakundeetako batzorde zientifikoetan parte hartzen du, itsas ingurune desberdinetan kudeaketa neurriak eta arrantza kuotak zehazten, baliabideen erabilera jasangarria helburu.