21.745 pertsona hil ziren 2018an Euskadin, 10.879 gizon eta 10.866 emakume , Eustaten arabera. Bizkaian jaiotzak baino 4.010 heriotza gehiago egon ziren, Gipuzkoan 1.565 eta Araban 80. Honek esan nahi du Euskadi biztanleria galtzen ari dela.

Joan den urtean 100 urte edo gehiagoko 362 pertsona hil ziren, eta haien artean %85,9 emakumeak izan ziren. 100 urteko pertsonen heriotza kopurua igotzen joan da azken urteotan, eta 2018an gehieneko kopurua hil zen, 362 pertsona, 2017an baino 17 gehiago.

Iaz hildako pertsonen batez besteko adina 80,5 urte izan zen, eta 2008an 77,4 urte zen; alegia, azken hamarkadan 3,1 urteko gorakada egon da hildakoen batez besteko adinean. Gizonak batez beste 77,4 urterekin hil ziren eta emakumeak 83,6 urterekin 2018an; 2008an, 73,7 urterekin eta 81,3 urterekin, hurrenez hurren. Ondorioz, azken hamar urteotan, gizonen heriotzaren batez besteko adinak 3,7 urte egin du gora, etaemakumeenak 2,3 urte.

Haurren heriotza tasa dela eta, urtebeteko 52 adingabe hil ziren iaz EAEn. Jaioberriei dagokienez, 35 heriotza egon ziren; horietatik, hiru lehen 24 orduetan hil ziren, eta beste 20 lehen astean zehar. Urtebetetik beherakoen artean, neskatoen heriotzak guztizkoaren %55,7 izan ziren.

Bestalde, hazkuntza begetatiboa negatiboa izan zen 2018an EAEn, jaiotzak baino 5.655 heriotza gehiago egon baitziren. Lurraldeen arabera, saldo negatiboak izan ziren hiru lurraldeetan: Bizkaian jaiotzak baino 4.010 heriotza gehiago egon ziren, Gipuzkoan 1.565 eta Araban 80. Arabak saldo begetatiboaren arabera biztanleria galtzen duen lehen urtea izan da.

HERIOTZA KAUSAK

Halaber, 2018an izandako heriotzen %29,2 (6.360 heriotza) tumoreen ondoriozkoa izan zen. Zirkulazio aparatuko gatxotasunen ondoriozko heriotzak %26,6 izan ziren (5.776 heriotza), arnas gaixotasunen ondoriozkoak %10,7 (2.330) eta nerbio sistemaren ondoriozkoak %6,6 (1.439).

Heriotzen motiboak desberdina izaten jarraitu zuen sexuaren arabera: gizonen artean, tumoreek gainditu egin zituzten zirkulazio aparatuko gaixotasunak, eta, emakumeen artean, kausa nagusia gaixotasun kardiobaskularrak izan ziren eta, ondoren, tumoreak.

Era berean, heriotza kausa ezberdina izan zen adinaren arabera. Urtebetetik beherakoetan, heriotza ohikoenak jaiotza inguruko denboraldian sortutako gaixotasunen eta sortzetiko malformazioen ondoriozkoak izan ziren; urtebetetik 39 urtera bitartean, heriotza kausa nagusiak kanpokoak izan ziren, besteak beste, istripuak eta suizidioak, bai eta tumoreak ere; 40 urtetik 79 urtera bitartean tumoreak izan zirenlehen heriotza kausa eta, 80tik aurrera, zirkulazio sistemako gaixotasunak.