BILBO. Eustat erakundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, urtekaria bost arlo handitan egituratuta dago: Biztanleak, Ekonomia, Gizartea, Lurraldea eta ingurumena, Informazioaren gizartea eta I+G+B.

Horrela, argitalpenaren arabera, EAEko biztanleria 2.180.449 pertsonakoa zen 2018an: 1.057.944 gizon eta 1.122.505 emakume. Ekonomiari buruzko atalei dagokienez, enpresa eta establezimenduen kapituluan adierazten da 2018an 173.849 establezimendu zeudela eta horietan 889.853 langile: 497.810 gizon eta 392.043 emakume. Gainera, aldi horretan, EAEko BPGd-ren %68,8 zerbitzuen sektoreak sortu zuen, %24,3 industriak, %6,0 eraikuntzak eta %0,9 lehen sektoreak. Lurraldeei dagokienez, BPGd-ren %50,6 Bizkaian sortu zen, %33,2 Gipuzkoan eta %16,2 Araban.

Kanpo merkataritzari buruzko atalean adierazten da 2018an 24.780.586.000 eurokoa izan zela industria produktuen esportazio balioa, eduki teknologikoaren arabera: %49,8 teknologia maila ertain altua, %39,6 ertain baxua, %7,9 baxua eta %2,7 altua.

Lan merkatuaren gaian, gizartearen arloan, besteak beste, okupazio eta langabezia tasen datuak eskaintzen dira. Horrela, EAEko okupazio tasa %67,8koa zen 2018an, %1,5 puntu handiagoa aurreko urtean baino; langabezia tasak atzera egin zuen 2018an, batez beste, %10,3ra arte, 2017an baino %1,0 gutxiago.

HEZKUNTZA

Hezkuntzari buruzko atalean, 2018-2019 ikasturtean unibertsitatetik kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzetan matrikulatutako 386.290 ikasleen artean 253.877k D ereduan ikasi zuten, 69.559k B ereduan, 60.586k A ereduan eta, azkenik, 2.268k X ereduan. 200.695 ikasle zentro publikoetan matrikulatu ziren, eta 185.595 pribatuetan.

Gainera, gizarte ohiturei eta errentari buruzko kapituluan adierazten denez, 2018an, EAEko emakume landunek, batez beste, 2,1 ordu eskaini zizkieten etxeko lanei, eta 4,7 ordu adingabeko seme-alabak zaintzeari; gizon landunen kasuan, batez bestekoak 1,4 eta 3,3 ordukoak izan ziren, hurrenez hurren.

Lurralde eta ingurumenari buruz bildutako datuei dagokienez, EAEko lurzoru okupazioaren berri ematen du argitalpenak. 2018an, bizitegi lurzorua azalera osoaren %2,6 izan zen, jarduera ekonomikoetarako %1,9, sistema orokorretarako %3,9 eta lurzoru urbanizaezinetarako %91,5. Aurreko kapitulu horretan kontsumo uraren kalitatea ere bildu da: %98,1 egokia da, %1,6 onargarria eta %0,3 eskasa.