GASTEIZ. Itelazpik 2010ean hasi zuen berdintasunaren arloko ibilbidea, Berdintasun Batzordea sortu zuenean. Batzorde horrek gizonen eta emakumeen arteko egoerari buruzko lehenengo diagnostikoa egin zuen. Diagnostiko horren emaitza modura, I. Berdintasun Plana egin zen 2010-2014rako.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, urte hauetan zehar "mugarri garrantzitsuak" lortu dira, esate baterako, Emakundek erakunde kolaboratzaile gisa aitortu zuen Itelazpi 2011n eta 2015ean izendapen hori berretsi zuen; gainera, 2013an Berdintasunaren aldeko Erakunde Publikoen Sarean eta Ogasun eta Finantza Sailaren Talde Teknikoan, eta 2018an Baisarea Sarean sartu zen. Denbora tarte horretan II. Berdintasun Plana ere egin zen, 2015-2018 aldirako.

Berdintasun Batzordeak bultzatutako parte hartze prozesu baten bitartez egin da III. Berdintasun Plana eta langileek ere parte hartu dute hura itxuratzeko orduan. Esku hartzeko lau ardatzen inguruan egituratu da plana: lehenengo ardatza, berdintasunaren aldeko kultura eta kudeaketa da, eta helburua berdintasunezko antolaketaren kultura sustatzea, berdintasunaren aldeko sarean parte hartzea eta partekatzea, eta Berdintasun Plana kudeatu eta bultzatzea da; bigarren ardatza, pertsonen kudeaketa da, eta helburuak dira emakumeek arlo teknikora sarbidea izateko aukera sustatzea, barne-promoziorako prozesua berdintasunean oinarrituta dagoela bermatzea eta sexuagatik baztertzailea ez den ordainketa sistema bermatzea.

Hirugarren ardatza, berriz, sentsibilizazioa eta berdintasunerako bidea da, helburuak langileek berdintasun arloan izan beharreko gaikuntza eta inplikazioa sustatzea, berdintasuna aintzat hartzen duen kanpoko kontratazioa sustatzea eta jarduketa inguruan berdintasunaren aldeko sentsibilizazioa areagotzea direlarik. Laugarren ardatza lan inguru osasungarri eta erantzunkidea da; helburuak dira itelazpiren beharrizanak eta bertako langileen eta beraien familien beharrizan pertsonalak uztartzen laguntzeko neurriak sustatzea, osasunaren prebentzio sisteman genero ikuspegia txertatzea eta sexu jazarpenik gabeko lan ingurua bermatzea.