BAIONA. Opor eta jai usaiak nagusi-tzen ari dira egunotan Baionan. Lapurdiko hiriburuaren giroa asko berotuko da uztailaren 24tik 28ra San Leon nagusiari eskainitako hiriko jaiak direla eta. Betiko itxura erabat aldatzen du Baionak lagun guztiak txuri eta gorriz jantzi, eta urte osoan Euskal Herritik urrun bizi edo ikasten duten milaka herritarren topagunea bilakatzen baita bost egunez.

Berritasun asko prestatu dute aurten, hala nola Baionak eta Iruñeak, hiri senidetuek, jokatuko dituzten herri kirol probak igandean 15:30etan. Bestalde, 1932an egin zen lehen edizioan ikusi ziren buruhandiak berreskuratuko dituzte aurten. Hiriko lau lagun ezagun ohoratuko dituzte gisa honetan, besteak beste Michou Padrones margolaria eta Josette Erramun merkatuko jatetxeko etxeko andere irrifartsua. Eta antolatzaileek ez dute baztertzen pertsonai gehiago egitea datozen urteetan erraldoiekin egiten diren desfileak gero eta handiagoak izan daitezen. Garraio publikoaren berrantolaketa dela eta, aurten barrakak Boufflers kalean jarriko dituzte Aturri ibaiaren bazterrean eta ez udaletxe atzeko enparantzan. Iaz bezala jaien garaian 8 euro ordaindu beharko dira Baiona erdialdera sartu ahal izateko, barraketara izan ezik.

Belaunaldi eta gustu guztientzako jaiak prestatu nahi izan ditu Baionako Udalak. Atzotik 23ra merke saltze erraldoia egingo da mila denda dituen hirian, hogeita hiru gauean Patrick Bruel Frantziako abeslari ospetsuak kontzertua eskainiko du zezen plazan eta biharamun goizean arraultz opil lehiaketa edota Biarritze eta Baiona lotzen dituen 13 kilometroko oinezko ibilaldia eta lasterkaldia eginen dituzte giroa berotzeko. Jaien irekiera 24 gauean 21:30etan inguru egingo dute hiriko hiru giltzak jaurtiz herriko etxeko balkoitik eta su artifizialekin.

Ipar Euskal Herriko nekazariek prestatutako janaria zerbitzatuko dute aurten ere egunero 11:00 eta 22:00 artean Baiona Ttikia auzoaren ondoan dagoen Roland Barthes enparantzan. Ondoan, Galiziako jakiak dastatzeko aukera izango da. Ostegunarekin haurren eguna ospatuko dute, besteak beste, entzierro txikiarekin. Egunero eguerdiko hamabietan milaka ume batuko dira udaletxe aurrean Leon erregea esnatzeko. Toki berean baina 10:30etan yoga ikastaro erraldoia eskainiko dute egunero aurten ere. 16:30etan hasita Karrikaldia ospatuko da euskal kantuzale eta dantzarien gozamenerako.

Ehunka pilotazalek hiru hitz ordu dauzkate Moderne trinketeko Jaietako Master txapelketa dela eta. Asteazkenean lehen finalerdia jokatuko dute Ducassou-Ospital eta Watary-Guichandut. Biharamunean eta ordu berean Larralde eta Bilbao nor baino nor ariko dira Etchegaray eta Xalaren kontra. Bi bikote hoberenek finalean esku hartuko dute.

Aurten sei zezenketa eginen dituzte Baionan horietako bi jaien garaian larunbatean eta igandean 18:30etan. Bigarren hitz orduan zaldunek egindako hilketak ikusi ahal izanen dira. Bigantxek ere toki nabarmena dute egunero San Andres plazan. Larunbat eta igandean 22:00etan hamarnaka karrozen desfilea preziatu ahal izanen da jostailuak eta jokoak direlarik aurtengo gai nagusia. Egitarau ofizialaren ondoan, herri ekimenak antolatutako hitz ordu asko ospatuko da ere, besteak beste Zizpa gaztetxea, peñak eta zenbait elkarteen inguruan. - Franck Dolosor