Ikasketa eta lana uztartzeko unibertsitateko bideak

Formakuntza Duala izan zen atzo mintzagai Donostiako Carlos Santamaría zentroan

09.02.2020 | 06:29
Ikasle bat tutorearekin lanean.Argazkia: Javier Colmenero

Formakuntza Duala izan zen atzo mintzagai Donostiako Carlos Santamaría zentroan

donostia - Aldi berean ikastea eta lan egitea posible ote? I Nazioarteko Biltzarra. Unibertsitate Formakuntza Duala Goi Hezkuntzako Europar Esparruan ospatu zen atzo Donostian, Universitat de Lleida, IMH (Fabrikazioaren Zentro Aurreratua) eta UPV-EHU-ren eskutik. Egunean zehar, gaiaren inguruko aditu ezberdinek euren esperientziak eta ikuspuntuak azaleratu zituzten Carlos Santamaría zentroan.

Sinposioari hasiera eman zion EHU-ko errektore den Nekane Balluerkak. Kongresuaren balioa azpimarratu zuen lehendabizi errektoreak, era berean, Formakuntza Duala mende honetako hezkuntzaren praktikan "funtsezko eredua" dela nabarmenduz. Eredu honekin bat etorri zen Balluerkarekin batera Kongresua aurkeztu zuen Cristina Uriarte. "Formakun-tza Dualaren uztarketak esperien-tzia akademiko batekin, duala izan edo ez, nazioarteko mailan, formakuntza eredu berritzaile eta irmoa eskaintzen du", adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuak.

Kongresuan ezagutzera eman ziren ostera Formakuntza Duala baliatuz arrakasta izan duten erakundeen kasuak: Formasup Nord Pas de Calais (Frantzia) eta Alemaniako Duale Hochshule Baden-Württemberg Mosbach (DHBW). Horiekin batera, Formakuntza Dualean dabiltzan enpresen eta ikasleen bizipenak partekatu ziren, eta UPV/EHUk eta Lleidako Unibertsitateak gaurko eta etorkizuneko jarduera-ildoak plazaratu zituzten.

Aurkezpenera bueltatuz, Formakuntza Duala beste hezkuntza ibilbide batzuetara hedatuta dagoen horretan, Unibertsitatean oraindik dauka asko garatzeke. "Hezkuntza eredu batean hain ezberdinak diren unibertsitate eta enpresa bezalako agenteak konbinatzeak espazio fisiko ezberdinen kontzilioa dakar, norabide berdinean mendeetan zehar bananduta hazi diren lan-kulturak lerrokatzearekin batera", azaldu zuen Balluerkak.

17:30ean itxi zen goizeko 9:00etan martxan jarritako Kongresua. Klausura horretan Gipuzkoa "lurralde duala" dela aldarrikatu zuen Markel Olano Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusiak. Aldarrikapen horren harira, formakuntza dual unibertsitarioak aurrera egin dezan, enpresa eta unibertsitateei "elkarlanean" jarrai-tzeko deia egin zien. Izan ere, Olanoren arabera, industria gipuzkoarraren etorkizunerako elementu "kritikoa" da trebakuntza duala.