BILBO. 10.687 ikaslek hasiko dute gaur Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa Euskal Herriko Unibersitatean. Proba hiru egunetan egingo da, ostirala arte, eta bi fase izango ditu: sarbidea eta onarpena.

Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko behar dituzten heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea da sarbide fasearen helburua, eta bost azterketak osatzen duten: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Espainiako historia; lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan 5 puntu edo gehiago lortuz gero (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari), proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Bestalde, onarpen fasea borondatezkoa da, eta bere helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan, alegia, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan. Fase honek aukera ematen dio ikasleari sarbide fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko.

Onarpen fasean ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, sarbide faserako aukeratu duena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte fase horretan, eta gehienez 4 puntu eskuratu. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio, eta azken nota hori aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz.

Haztatzeko parametroen baloreak 0,1, 0,2 edo 0,3 dira eta unibertsitateak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduarekin duen harremanaren arabera.

Bestalde, desgaitasunak eta premia bereziak dituzten 255 ikaslek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko azterketak egiteko egokitzapenak behar izango dituzte. EHUk ikasleen aukera berdintasuna eta irisgarritasuna bermatua izan dezaten protokolo bat ezarria du, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak kudeatzen duena.

Aurten, nobedade moduan, epaimahaiei zuzenduriko "Jardunbide Egokien Gida USE" argitaratu du EHUk. Gida horrek egin behar diren egokitzapenen ezarpenak jasotzen ditu, eta azterketak egiten dituzten bitartean premia bereziak dituzten ikasleen arreta hobetzea du helburu.