Bilbo - Errauzkin, Loti ederra, Txanogorritxu, Superman, Edurnezuri... emakume eta gizonen rolak ezarrita dituzten klasikoetatik at, haur eta gazteei bideratutako gero eta literatura gehiago ari da sortzen, feminismoak indarra irabazten duen heinean.

Izan ere, jakina da txikitatik umeek kanpoko eragin edo baldintza ugari izaten dituztela, haien etorkizuneko izaeran eragina izango dutena. Horregatik, Louise Michelle liburudendako bazkide kooperatibista den Eneko Alvarezek azaltzen duenez, bi ildo nagusi jarraitzen dira bilduma hauetan. Alde batetik, umeek emakume erreferenteen biografiak islatzen dituztenak, esate baterako, Frida Kahlo, Marie Curie edo Ella Fitzgerald eta beste alde batetik, klasikoen moldaketak. Bigarrenari dagokionez, oso ohikoak dira Txanogorritxuren ipuina guztiok ezagutzen dugun amaiera izan beharrean, eduki sexistarik gabeko ipuinean birmoldatzea. Disney printzesei buruzko ipuinekin ere gauza bera gertatzen da. Horren adibide da Marizipriztinek ez du zorioneko galaperrik nahi.

Liburu hauek saltzen dituen beste liburudendetako bat da Sopa de Sapo, bertako Naia Hernandezek azaltzen duenez, “jende asko gerturatzen da liburu horien bila”, hala ere, bere aburuz, faltan botatzen du mutilentzat ere liburu horiek saltzea, normalean neskatoentxat izaten dira eta.

Horren adibide dira Valerosas, mujeres que solo buscan lo que quieren, Max eta superheroiak edo Las chicas van donde quieren bezalako liburuak, printzipeak printzesa salbatu beharrean, emakumeek dute indarra.

Gainera, Las chicas son de ciencias, edota suhiltzaileak izan nahi duten umeei buruzko ipuinak ere azaltzen dira, “rolekin apurtzen duten ipuinak”. Izan ere, Alvarezek egunkari honi azaltzen dionez, “ama zientzialariek adibidez, haiek izan dituzten zailtasunen ondorioz, txikitatik erakutsi nahi diete nahi duten ofizioa izan dezaketela, alabekin gauza bera ez gertatzeko”.

Beste alde batetik, bazkideak azaltzen duenez, hazten doazen heinean, “feminismo karga handiagoa duten liburuak irakurtzen hasten dira”, “teorikoagoak direnak”.

Familia egitura ezberdinak isla- tzeko ere hainbat titulu aurkitzen dira apalategietan, izan ere, gurasoen “forma” berriak sortu dira azken urteetan, hau da bi aita, bi ama, aita, ama? txikitatik normalizatzeko era bat da ipuin hauen sorrera. - A. Lopez