BILBO. Eusko Jaurlaritzak hiri-mugikortasunaren hobekuntzan inbertitzen jarraituko du. Iñigo Urkulluren Gobernuak aurrera jarraitzen du mugikortasun-sare integrala hobetzen. “Euskadik Europako hiri handi baten” dimentsioa du esaten du lehendakariak.

Lehendakariaren hitzetan, gertu dago benetako eraldaketa hiri-mugikortasunean, hiru eragilerekin: Automatizazioa, Elektrifikazioa eta abiaburua-helmuga Mugikortasun Zerbitzuak. Zentzu horretan, azaldu duenez, hiru joera horiek elkartzeak bide emango dio garraio eraginkorrago, garbiago eta automatizatuago bati; eta eragin positiboa izango du ibilgailuen murrizketan, istripuen prebentzioan eta ingurumenaren hobekuntzan. Zehazten ari den etorkizun berri honen aurrean, Lehendakariak azpimarratu duenez, Euskadik aitzindaritzan egon nahi du eta proiektu pilotuak garatu nahi ditu, proba-bankutzat balio izango dutenak eskala handiago batean aplikatuak izateko. “Hori da gure erronka eta konpromisoa”, gaineratu du.

“Hiri-mugikortasunaren” nazioarteko Jardunaldiaren testuinguruan, Abiadura Handiaren garrantzia nabarmendu du Lehendakariak. Hala, Abiadura Handiko Trena “hiri-mugikortasuna” eraldatzeko gaitasunaren adibide onena dela adierazi du, bizi-kalitatearen eta Europan harreman- eta topaketa-aukera berrien sorkuntzaren zerbitzura. “Orain, Estatuko ezegonkortasun politikoak hainbesteko lehentasuna duen premiazko azpiegitura batean atzerapenik ez ekartzea da gure helburua, hain zuzen ere Euskadiko Abiadura Handiko Trenarena”, gaineratu du.

Gainera, Lehendakariak gogora ekarri duenez, pertsonei zerbitzu bat emateko oinarritik abiatuta, garraio-txartelen erabilera ahalbidetu da komunikabide-modu guztietan. “Mugikortasun-sare integrala hobetzen aurrera jarraitzen dugu. Komunikazio-azpiegituretan eta haien integrazioan inbertitzen dugu”, gaineratu du.

Bilboko Euskalduna jauregian egin da ekitaldia, eta bertan izan dira Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Ingurumena, Lurraldearen Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola, baita hauek ere: Gobernuko delegatu Jesús Loza, Ingurumeneko Estatuko Idazkari Hugo Morán, Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatu Miguel Ángel Gómez Viar, Bilboko alkate Juan Mª Aburto, eta Petronor-eko presidente exekutibo Emiliano López Atxurra.

SUM BILBAO 2019

SUM Bilbao 2019 mugikortasunaren etorkizunari eta XXI. mendeko hirietako Garapen Jasangarriaren Helburuen (GJH) lorpenean duen inpaktuari buruzko hausnarketa globalean aitzindari izateko helburuz sortutako nazioarteko ekitaldi baten aurreneko edizioa da. Bilboko Udalak eta Petronor-ek antolatutako ekitaldia Bilboko Euskalduna jauregian egingo da 2019ko otsailaren 20an eta 21ean.

SUM Bilbao 2019k hiri eta administrazio publikoen, enpresen eta start-upen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen eremuko nazioarteko adituak bilduko ditu. Elkarraldi horren emaitza gisa, esperientziak eta ezagutza trukatzeaz gainera, Bilboko Deklarazioaren bitartez, tresna programatiko bat jarriko da eskura, oraingo mugikortasunaren politiken eta praktiken arteko zubiak trazatuko dituena, Garapen Jasangarriaren Helburuekin eta Agenda 2030ekin lerrokatutako ereduetarantz.