BILBO. Euskal upategiak AEB eta Japoniako merkatuak ari dira aztertzen. Egun, AEB da EAEko ardoetarako bigarren merkatua, 28 milioi euroren salmentekin, eta Japonia, berriz, 13. lekuan dago, 2,6 milioi euroren salmentekin. Gaur goizean egin da AEBko eta Japoniako ardo merkatuen gaineko jardunaldia.

Jardunaldiaren helburua izan da upategi eta ardogintzako enpresei informazioa ematea nazioarteko bi merkatu horiek ardoaren sektorean duten bilakaerari eta portaerari buruz, eta, horrez gain, Eusko Jaurlaritzak enpresei eskaintzen dizkien tresna finantzarioez eta komertzialez informatzea eta 2019an martxan jarritako Caprice eta Prestatu programak aurkeztea.

Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria Peli Manterolak inauguratu du euren produktuak iparramerikar eta asiar merkatuetara esportatu nahi dituzten ardogintza sektoreko enpresei zuzendutako topaketa.

Azken urteetan, enpresa bitibinikolek interesa erakutsi dute bi merkatu horien alde. Ondorioz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak hainbat ekintza komertzial antolatu ditu merkatu horietako batzuetan nekazaritza-elikagaien euskal enpresentzat.

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak bi laguntza lerro ditu bertako produktuak kanpoko merkatuetan promozionatzen laguntzeko: MAE Sustapena, soilik ardora zuzenduta, eta LEHIATU Sustapena, mota guztietako nekazaritza-elikagaiak sustatzeko.

MAE Sustapena laguntza lerroak 8 milioi euroko aurrekontu bat du 2019ko ekitaldi honetarako, Europako funtsetatik lortuak. 2018an, programa horren bitartez 7,35 milioi euro eman zitzaien 34 enpresari.

LEHIATU Sustapena programak, berriz, 500.000 euroko aurrekontua du, EAEko aurtengo Aurrekontu Orokorretatik lortuak. 2018an 320.000 euro banatu zitzaien 51 enpresari.

Estatu Batuetako eta Japoniako merkatuak

Jardunaldian zehar, parte hartzaileek AEB eta Japoniko merkatuek ardo produktuei buruz duten bilakaera eta portaera ezagutu ahal izan dute Ardoaren Merkatuaren Behatokiko (OEMV) zuzendari nagusi Rafael del Reyren eskutik.

Del Reyk zehaztu duenez, AEB da EAEko ardoetarako bigarren merkatua, 28 milioi euroren salmentekin, eta hirugarrena da esportazioen bolumenari dagokionez, ia bost milioi litrorekin; Japonia, berriz, 13.a da, 2,6 milioi eurorekin eta 0,6 milioi litrorekin besterik ez.