BILBO. Ezbehar larria gaur, igandea, goizeko 08:40an gertatu da A-132 errepidean, Opel Corsa batek eta Ford Focus batek aurrez aurre jo dutenean. Kolpea bortitza izan denez, suhiltzaileen laguntza behar izan da bi gidariak autoetatik ateratzeko.
SOS Deiak zerbitzuak eta Osakidetzak anbulantziak eta helikoptero sanitario bat bidali dituzte zaurituak ebakuatzeko. Anbulantzia batek Gasteizko Santiago Ospitalera eraman du 25 urteko gaztea. Beste zauritua, 30 urtekoa, helikopteroan eraman dute Txagorritxu Ospitalera.
Ertzaintzako agenteek seinaleztatu dute errepidea eta arautu dute zirkulazioa larrialdietako zerbitzuek esku hartzen zuten bitartean. Era berean, Ertzaintzak dagokion atestatua instruitu du istripua zergatik gertatu den argitzeko.
Bestalde, hiru gidari atxilotu eta beste zazpi ikertu dituzte asteburu honetan Euskadiko errepideetan bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. Arau-hausleak alkoholdun edarien eraginpean ari ziren gidatzen.
Gaur, igandea, hiru pertsona atxilotu dituzte goizaldean Eibarren, Irunen eta Trapagaranen. Irunen autoa argiak itzalita zihoala geldiarazi dute eta Trapagaranen, berriz, bide erditik zihoala. Kasu guztietan gidariek alkohol-tasa handiak eman dituzte egin zaizkien probetan. Delitu berbera leporatuta beste bi pertsona inputatu dituzte Getxon eta Iurretan.
Atzo, larunbata, bost gidari geratu ziren ikerketapean Erandion, Getxon, Barakaldon, Galdakaon eta Irunen.