azkoitia - Bihar emango zaio hasiera Erniarraitz Txapelketaren IX. edizioari. Bi urtean behin egiten den txapelketaren baitan, hiru kanporaketa eta finala jokatuko dituzte, eta, guztira, 18 bertsolari izango dira kantuan. Lehen saioa, biharkoa, Azkoitiko kultur etxean izango da 17.00etan hasita eta bertan, Oier Etxeberria, Aratz Igartzabal, Txaber Altube, Joanes Illarregi, Maialen Akizu eta Aitor Servier bertsolariak ariko dira lehian. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Silvia Etxaniz azkoitiarra arituko da. Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideak maila ona ikusteko aukera izango denaren dudarik ez du.
Zein da Erniarraitz sariketaren helburua?
Erniarraitz sariketaren asmo nagusia gazteei aukera ematea da eta, bide batez, Euskal Herri osoko bertsolari gazteak ezagutzera ematea. Honekin batera, tokian tokiko bertsozaletasuna sustatzea ere bila-tzen da.
Nola dator aurtengo sariketa? Nola ikusten dituzu partaideak eta maila?
Guztira, 18 parte-hartzaile izango dira eta hauek Euskal Herriko txoko guztietatik datozen bertsolariak dira. Gaur egun sariketa eta txapelketa ezberdinetan parte hartzen ari diren gazteak dira. Maila txukuna emango dute.
Bihar izango den lehenbiziko saioan gai-jartzaile lanetan arituko zara. Nola prestatu duzu zure lana?
Erniarraitzen gai- jartzaile talde bat egin dugu, txapelketako saioetan arituko garen lau gai-jartzaileok eta beste kide batzuek osatua. Denon artean aritu gara saio guztiak antolatzen.
Bertsolaria ere bazara, baina zer nahiago duzu, bertsolari edo gai-jartzaile?
Bertso-eskolako kidea naiz, umetatik joaten naiz bertso-eskolara, baina ez naiz bertsolari sentitzen. Bertso-eskolan kantuan aritzen naiz, jende aurrean gai-jartzaile nahiago dut.
Honelako sariketa baten atzean lan asko dago, kasu honetan, Erniarraitz elkartearena. Nola antolatzen zarete? Nola iristen zarete eskualdeko herri desberdinetara?
Erniarraitz Bertsozale elkarteko kideak hilean behin elkartzen gara urtean zehar antolatu behar diren ekitaldi guztiak lotzen joateko. Horrez gain, kantuan aritzen diren gazteak eta bertso-eskoletako irakasleak dira gehien bat parte-har-tzaileak lotzeaz arduratzen direnak Urola Erdiko herri desberdinetan.
Haur nahiz helduei zuzendutako ikastaroak eta tailerrak egiten dituzue. Parte-hartze altua izaten al da?
Aurten antolatu dugu lehen aldiz Helduentzako Bertso Tailerra, eta lehenbiziko aldia izateko gustura gaude emaitzarekin, 8 -10 laguneko taldea osatu baita. Helduen bertso eskolakook Azkoitian biltzen gara astero, 10 lagun inguru. Eta haurren bertso eskoletan, berriz, Zestoa, Azkoitia eta Azpeitia artean 40 bat haur dabiltza.
Azken urteetan emakumeen eta nesken partaidetza igo al da? Maialen Lujanbioren txapelek eraginik izan dute?
Emakumeen partaidetza piskanaka igotzen doa eta hori, bertso-eskoletan egiten den lanari esker dela esango nuke. Maialen Lujanbio bertsolaria, neska zein mutil gaztetxo askorentzat da erreferente bat.
Urola Erdia eskualdeko bertsolaritzaren etorkizuna bermatuta dago?
Orain artean bezala lan egiten jarraitzen bada baietz esango nuke. Erniarraitzek sekulako apustua egin du bertso eskoletan eta ume, gazte zein heldu biltzen diren eragile bat da gaur egun. Bertso mugimenduak gorabeherak izaten ditu noski, baina gaur egun osasuntsu dagoela esan daiteke. Saiatuko gara datozen belaunaldiek ere guk adina mimorekin zaindu dezaten.- Eregi
Txokorik kuttunena edo maiteena. Azkoitiko San Martin auzoa.
Mendi bat. Aizkorri.
Hondartza bat. Zarauzkoa.
Paisaia idiliko bat. Izarraitz.
Festa edo kultur ekitaldi bat. Azkoitiko San Andres festak.
G
ipuzkoatzen