Ordizia - Ordiziako Garagartza plazan aurkitzen da Feedback Gabinete Pedagogikoa. Eritz Perlines eta Beñat Pecharroman ordiziarrak daude proiektu honen atzean. Biak pedagogoak dira, eta ohiko klase partikularretatik haratagoko aukera anitza eskaintzen dute espazio zabal eta argitsuan.

Duela gutxi martxan jarri zenuten Feedback Gabinete Pedagogikoa. Zer da?

-Beñat Pecharroman: Duela urtebete inguru hasi ginen ideiari forma ematen, eta bai, duela aste eta gutxi jarri ginen martxan. Eritz eta biok pedagogiako ikasketak egin ditugu, eta gure kabuz, klase partikularrak ematen aritzen ginen astean zehar; bakoitzak bere ikasleak zituen. Gaiaz hitz eginda ikusi genuen askoz hobea izango zela elkarrekin jarri eta modu ordenatu batean guztia organizatzea.

-Eritz Perlines: Bai. Gure ideia hasieratik izan da betiko klase partikularretatik kanpoko aukerak eskain-tzea. Hala, helburua ikasle bakoi-tzak hezkuntza arloan eta arlo sozialean dituen beharrak asetzea da. Hori lortu ahal izateko, esate baterako, ikasle bakoitzaren beharrei egokitutako plana jorratzen dugu. Inguruan ez dago horrelakorik eskaintzen duenik eta behar hori bazegoela nabaritzen genuen.

Beraz, klaseak bakarka ematen dituzue?

-B.P.: Bai, gainera, gurasoek asko eskatzen duten zerbait da. Haurra agian talde handietan galdu egiten da edo ez du behar duen adina aten-tzio jasotzen, baina bakarka guztiz kontrakoa da, eta askoz ere gehiago zabaltzen dira. Horrez gain, hiruzpalau pertsonako taldeak ere baditugu.

Eta zer moduzko harrera izan duzue?

-B.P.: Egia esan espero baino hobea.

-E.P.: Bai, oraindik astebete daramagu baina dagoeneko baditugu 30 ikasle inguru.

Guraso eta irakasleekin ere harremanetan zaudete?

-E.P.: Bai, guraso zein irakasleekin sinergiak sortzea da gure asmoa. Horrela, esaterako, gurasoak gure webgunera sar daitezke eta haurren ikasteko plangintza, emaitzak, lanak... ikusteko aukera izango dute. Ikastetxeekin ere harremanetan gaude noski, eta eskolan zein gai lantzen ari diren ikusten dugu; hala ikaslearen beharretara zehazten dugu plangin-tza.

Oraingoz zer kostatzen zaie gehien ikasleei?

-B.P.: Dudarik gabe matematikak. Atentzioa eman digun zerbait da, baina orokorrean gehienei matematikak iruditzen zaizkie gai zailena. Bestalde, gurasoak ere etortzen zaizkigu haurrak eskolako lanak egiterako orduan norbait ondoan izatea nahi dutelako, eta haiek lanean daudelako. Eta beste batzuetan, egungo hezkuntza metodoak ez dituztelako ezagutzen eta ez dakitelako nola lagundu seme-alabei.

Zein adinetako ikasleak dituzue?

-E. P.: Lehen Hezkuntzatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza artekoak. Txikienek atentzio gehiago behar izaten dute normalean, eta handiagoak diren heinean, haien autonomia handitzen doala ere ikusten dugu. Hori oso positiboa da; azkenean, ikasleak motibatuta eta interesarekin ikustea bilatzen dugu. Espazioa ere halakoa da: irekia, argitsua eta kolore argiekin margotua, ez ohiko ikasgela itxi eta hotzen itxurakoa. Ikasleak ez du sentitu behar derrigortuta datorrela, hobe-tzeko bide bat dela baizik.

Mendi bat. Biek Txindoki.

Hondartza bat. Perlines: Hondarribikoa. Pecharroman: Aurten behin bakarrik joan naiz baina Kontxa.

Pasaia bat. Perlines: Igeldotik Kontxa eta Pecharromanek Lazkaomenditik Txindoki.

Festa edo ekitaldi bat. Perlines: Ordiziako festetako Ordiziako Martxa eta Pecharroman: Ordiziako festetako Matutina gauarekin gelditzen naiz ni.

Txoko gustokoena. Perlines: Anoeta eta Pecharromanek Zumaiako flyscha.