Síguenos en redes sociales:

Egoak

Egoak

OSTEGUN goiza zen, ez astelehena, ez asteartea ere, beraz, asteko bi egun txar horiek kenduta nituen gainetik. Goizeko zortziak pasatxo izango ziren, presarik gabe nindoan lanera, oraindik makar pare bat betondoetan, eta bat-batean nire buruaren kontzientzia berreskuratu nuen. Ni, neure burua, nehor, beste kotxe bateko gidariari garrasika ikusi nuen. Nahiko lo joaten naiz, baina horrek barruko sena behintzat esnatu zidan. Ezertaz ezagutzen ez nuen gizon bati, lasai itxura zuena gainera, garrasika ari nintzaion, haren amari goraintziak bidaltzen, zergatik eta pasatzen utzi ez zidalako, hala egin behar zuenean. Ez zegoen istripu arriskurik, ez bestelako jokabide arriskutsurik, baina gizatasun falta horrek nire haserrea kanporatu zuen. Ez dakit nondik atera zen, baina hor zegoen hira, irainak gora eta behera. hitz politik ez minutu pare batez.

Autoa aparkatu nuenerako ahaztuta nuen pasadizoa, edo behintzat ez zidan kezka handirik sortu, baina erreakzioaren inguruan pentsatzen hasi nintzen. Pertsonak aldatu egiten dira kotxe barruan, beste norbait bihurtzen, eta barruan gaudela sortzen den defentsa-barrera horren barruan, gure alter ego bat jaiotzen da. Pertsona lasaiak erasokor bihurtzen dira, eta presaka bizi diren batzuk, bolante atzean lasaitzen dira, edo berdin gerta daiteke alderantziz, baina espazio horren barruan, beste gu bat sortzen da. Barrutik daukagun barrera akustikoak ahalbidetzen digu nahi dugun guzti hori lasai oihukatzera, ez baitigu parekoak entzungo, eta asko aldatuko litzateke hau, noski, gure esanak entzungai balira. Auto bat aurrekoari pega-pega eginda doa, adibidez, eta aurrekoa atzekoari ea matrikula ondo ikusten ote duen garrasika ari zaio, eta atzekoak aurrekoari, berriz, paretik kentzeko, nahikoa abiadura ez badarama. Tartean burdin, olio eta motorrik ez balego, elkarren arteko espazioak askoz hobeto errespetatuko lituzkete, eta tarteko gorroto itsua ere desagertuko ziurrenik.

Ibilgailua norberaren luzapen bat bezala ulertzen dugu, baina ez da beti horrela izaten. Denok ezagutuko ditugu bizitzan narratsak diren pertsonak, baina autoa ekarri eta egunero berria bezala eramaten duten horiek, edo itxuraz fin-fin ibiltzen direnak, baina autoa kafe poto, fotokopia eta aterkiz beteta dutenak ere badira. Autoari ematen diogun erabilpenak ere markatuko du hau nolabait noski, baina maiz koherentzia falta dugu, gure nia eta autoaren artekoa hain zuzen ere. Bizitzan dena berdin zaion post-punk zaharrak ezingo luke milaka euroko kotxea egunero distiratsu eraman kontraesanetan erori gabe, eta pinpirinak ezingo luke eserlekua dozena bat oilori jaten emateko adina apurrez beteta izan logikari jarraituz, baina logika bera izango da kotxe barruan irrazional izatera garamatzana, tamalez.