BILBO. Modu honetan, orain, 1.353 forma berri -1.058 sarrera eta 295 azpisarrera- eta 44.325 forma -37.874 sarrera eta 6.451 azpisarrera- arautu daude Akademiaren webgunean guztion eskura, bai Hiztegi Batuan, bai Hiztegi Batu Oinarridunean.

Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, Hiztegi Batuko lantaldea corpusetan oinarritzen da hiztegia osatzeko, erabilera maiztasunean oinarritutako A-tik Z-rako itzulietan. Horren abantaila erabili eta erabiltzen dena jasotzea da, baina sistematikotasuna galtzeko arriskua ere badu, eta horixe da, hain zuzen, azken urteetan lantaldeak egin duena: hutsuneak izan zitzaketen gaiak berariaz aztertu eta hiztegia osatu.

Adibidez, lehendik jasotako 'aitaso' edo 'lehenseme' formei gehitu zaizkie 'amaso' eta 'lehenalaba', berdintasuna bermatuz, familia loturak bere osotasunean berrikusi baitira, eta, horiekin batera osatu dira aro geologikoak, munduko diru zaharrak eta egungoak, arrazak, jaien izenak, karten izenak, kasuen izenak, elementu kimikoak, hatzen izenak, musika notak, '-tan' bizialdia, zodiakoa, zientzia unitateak eta mineralak.

Sail horiek guztiak osatu dira, bai eta izen propioetatik eratorritako formak eta '-tar' osaerako euskal hitzak ere. Bukatzeko, 173. arauak jasotako alfabeto grekoa ere ekarri da Hiztegi Batura, lehendik zerrendatutako alfa eta omega modukoei beste guztiak gehituz.

Horrela, 18 sail osatu ditu Hiztegi Batuko lantaldeak eta horiek arautu ditu osoko bilkurak. Kasu batzuetan informazioa osatu egin da, lehendik jasotakoak berrikusi eta zuzendu ere egin dira kasuren batean, eta sarrera eta azpisarrera berriak gehitu dira kasurik gehienetan. "Hiztegia orekatuagoa dela esan dezakegu orain", adierazi dute.