Usurbil - 2015eko Kilometroak jaiak badu dagoeneko abestia eta atzo aurkezpena egin zuten Usurbilgo Potxoenea kulturgunean. Herriko hainbat musikariren artean osatu dute, Jakoba Errekondoren hitzak oinarri hartuta.

Errekondok adierazi zuenez, ezagutu zuenean Gattunk izango zela aurtengo Kilometroak ekimenaren leloa ezin hobea iruditu zitzaion. ”Nik Gattunk leloa hartu eta Lotzen hitza jarri diot izenburua lortzeko”.

“Abestiaren letra, bi ideia nagusiren ildotik dator: batetik, komunitaterik gabe ez dagoela hizkuntzarik, eta bestetik, heldu diogulako eta bertara josi garelako, (h)ari garelako bada hizkuntza”, esan zuen. Errekondok azaldu zuenez, komunitatea emea da: “Baloreen transmisioa, kulturarena, hizkuntzarena baita ere emea da. Hortik bertako, Usurbilgo hika emearen, nokaren aditzen erabilera: Zitxatoztilakoan, genitxatoztinan, gatoztin”.

Ixak Arruti eta Labrit Zabala musikariek azpimarratu zutenez, herriko musikariek sortu dute abestia: “Bakoitzak bere ideiak elkarbanatu ostean, abestia osatzeari ekin genion. Aipatzekoa da,abestiaren letrak shock egoeran utzi gintuela hasiera batean, ezohikoa eta irregularra baita, baina hori guztia gaindituta, letraren magiak bizia hartu zuen”.

Abestiaren sortze prozesua esperientzia berria izan da musikarien-tzat, haiek aitortu zutenez: “Dena izan da berria guztiontzat, ez baikenuen sekula elkarrekin jo; hortaz, hasierako pausuetatik estudioko orduetaraino, gozatu egin dugu elkarrekin”.

Ahotsetan Kilometroen sorreratik orain arteko esentzia islatzen da, adin guztietako jendeak parte hartu duelako. Nola ez, Udarregi ikastolako ikasleek ere parte hartu dute prozesu honetan. Haurrak Jaione Eskuderoren ikasleak dira.

Bestalde, Ikastolen Elkartearen ordezkariak, Eñaut Telleriak, gogoratu zuenez, urriaren 4an izango da Kilometroak jaia Usurbilen. Telleriaren arabera, usurbildarrek “urrats bat harago” eraman nahi dute Kilometroak jaia: “Udarregi ikastola garatzen ari den Hezkuntza Proiektu berria bultzatzeaz gain, 2015eko Kilometroetan auzolanean, inklusibitatean, jasangarritasunean eta parekidetasunean sakontzeko lehen harriak jarri nahi dira; harri horien gainean eraiki nahi dugu, pixkanaka, usurbildarrontzat, gipuzkoarrontzat eta euskal herritarrontzat desio ditugun hezkuntza eta herri eredua”. Horiek dira, beraz, Usurbilgo Kilometroen jaia sustengatuko duten bost zutoinak.

Aurkezpenean Mariaje Imazek, ikastolako zuzendariak, eta Mertxe Aizpurua, alkateak, parte hartu zuten eta biek Kilometroak “auzolanean” antolatzen ari direla azpimarratu zuten.

Gattunk, Gattunk

lotzen gattun harira

Gattunk, Gattunk

lotzen gattunk, lotzen gattunk

Hariketan ari

Harik eta behar den artean ari

artean arin

Gattunk, Gattunk... (berriz)

lokarri listari sokari hari

Gattunk, Gattunk... (berriz)

Hari artean, hari tia hari tira

Hari artean, ahalari tiraka

Hari artean, hariari tiraka ari

Hari artean, hari ariketa

Hari artean, hari ariketa

Hari artean, hari tira hari tira

Ahalari tiraka, hariketa hariketa

Hari gattunk, ari gattunk ttunk

Hari gattunk bagattunk ari

Hari gattunk ari gattunk

Bagattunk hari

hari gattunk gattunk

Lotu josi heldu

Bai bagattunk

ba ote goaz goaztean

Zitxatoztilakoan, genitxatoztinan,

gatoztin bai bagattunk

ba ote goaz

Zitxatoztilakoan, genitxatoztinan,

goaztean