Eibartar jator, apaiz eta irakasleak gure hemen-aldiko muga gainditu du. Gaztetatik izan zuen galdegiteko ausardia eta grina horrixe loturik garatu dira bere sentimena, adimena, ulermena eta sinismena, larogei urterekin hil zaigun arte.

Valladolideko Unibertsitatean Batxiler azterketak gainditu ondoren, 1950ean ekin zion Filosofia eta Teologia ikasteari, 1958an apaiztu zelarik. Filosofiaren ikas eta ikergintzan jarraitu zuen ondorengo urteetan: Erroman lehenik, Aristoteles lantzen, eta gero Parisen, Maurice Merleau-Ponty izan zuelarik maixu College de France ezagunean. Filosofian Doktore izendatu zuten Parisko Institut Catholiquen, Essai de une Phenomenologie de l'etre Humaine dans la perspective de Maurice Merleau-Ponty izenburua daraman tesia defendituta, Madrileko Complutense Unibertsitateak ere doktore aitortzeko balio izan ziona.

Xavier Zubiri izan du, hala ere, bere maixuetan gogokoena, lankide izan zelarik haren mintegian, Madrilen bizi izandako aldian. Garai hartan idatzia da argitara eman zuen Técnica y civilización liburua.

Irakaskintzan ari izan da bere bizitzan zehar honako gai hauen inguruan: Antropologia Filosofikoa, Filosofiaren historia eta Gizarte eta Kultura Antropologia. Hamaika ikasle izan du bizitzan zehar: Donostiako Seminarioan eta Deustuko Unibertsitateko bi campusetan, Bilbokoan eta Donostiakoan, Filosofiako Fakultatean, bertako Dekano ere izan zelarik.

Asko dira, orobat, giro eta aldarterik ezberdinenetan eman izan dituen hitzaldiak. Aurrenetakoa izan da, bere arloari loturiko gaietan hitzaldiak euskeraz ematera ausartu zena (adibidez, joan den mendeko 60. urteetan Herri Gaztedikoek eskatuta).

Mendizalea, baita tertuli zalea ere. Lagun artea eta elkarte giroan hitz egitea maite izan duena, gozatzeraino eta sufritzeraino maite gainera. Galderen eztena bizigarri baizuen, bizitzaren beraren sustrai bila ari zelako... Gazian gozatzaile, baina gozoegian zirikatzaile. 70 urteak betetzean, katedrako lanari utzita, bere gairik kuttunenen inguruan idatzitako zenbait gogoeta eman zituen argitara: nor izateaz, identitateaz, elkarbizitzaz eta historikoki garatzen dugun izanbideaz. Hiru liburuki, Ostoak argitara emanak, hirurak baina bere maixurik miretsienaren goi izenburu bateratua zutelarik estalki: Xavier Zubirirekin hizketan (I, II eta III).

Sentibera zen Anton, oso sentibera. Egi bila zebilen azterlaria ere bazen, oso kritikoa. Sinestuna ordea, oso sinestuna. Hiru ezaugarri horietatik bakar bat kenduta, ezin osatu daiteke guk ezagutu genuen Anton Artamendi. Bere ezbaietan ere nor izate bateratua etengabe lantzen saiatu zenak, izan dezala betiko bizi orekaren betea, berak barru-barrutik sinisten zuen egiaren argitan.