Batera plataformak lanean segitzen du Ipar Euskal Herriko erakunde-tzea, euskararen aldeko lege babesa, eta nekazaritza ganbera propioa lortzeko. Begi onez ikusiko luke ere goi mailako ikasketak Iparraldean bertan egin ahal izatea gaur egun milaka gazte kanpora doaz eta. Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoak eskumen eta baliabide gehiago behar dituztela uste dute Baterakoek eta horregatik lurralde elkargo berezia aldarrikatzen jarraitzen dute.

Iparraldeko Elkargoak hiru urte beteko ditu laster baina zuek beste egitura aldarrikatzen segitzen duzue, zergatik?

-Gaur egungo Elkargoa hautsi mautsia besterik ez da Frantziako Gobernuak gurean zeukan ordezkariarekin. Lehenago zeuden hamar mankomunitateak bakarrean biltzea proposatu zuen bi baldintza zehaztuz: 158 udalerrietatik erdiak alde bozkatzea eta herri horiek 300.000 biztanleen erdia ordezkatzea. Azkenenean bi baldintza bete zirenez egitasmoak aurrera egin zuen.

%70tik gora biztanlek horren alde bozkatu zuenez zergatik joan urrunago?

-Argi dago eskumen eta baliabide gehiago behar dugula, bai eta sufragio unibertsala ezinbestekoa delako herritarrek zuzenean aukera di-tzaten Elkargoaren agintariak. Gaur egun 233 ordezkari daude herri guztiak ordezkatzeko baina kide horiek zuzenean aukeratuko balira berez lurralde osoa ordezkatuko lukete. Alkateen lana indartu behar da gaur egun gero eta gehiago eskatzen zaie. Jarrera politikoa eskatzen zaie Elkargoaren bileretan, bi minututan erabaki behar dutelarik zer egin uraren kudeaketarekin. Batzuetan 14 milioi euroren aurrekontuak bozkatu behar dituzte denbora laburrean. Horretarako aukeratu al ziren? Garapen Kontseilua indartu behar da jendarte zibileko kide gehienek esku har dezaten tokiko kudeaketan. Desagertu den Hautetsien Kontseilua berpiztu behar litzateke ere maila guztietako hautetsiek bilera gunea izan dezaten azken urteetan bezala. Aberasgarria da herri txiki bateko alkateak zuzenean hitz egitea Akitania edo Europako ordezkariekin.

Aurrera egiteko aukerarik ikusten al duzue?

-Laster bi lege proposamen eztabaidatuko dituzte Frantzian, bat auzapezaren (alkatea) kargua indartzeko eta bigarrena Konstituzioaren erreforma egiteko. Diferentzazio eskubidea aztergai izanen da eta iduritzen zaigu eskumen bereziak hartu ahal izango direla Ipar Euskal Herrian hizkuntza, irakaskuntza eta nekazaritzari buruz adibidez. Euskal legebiltzarkideekin lan taldea osatu nahi dugu lurraldeak aho batez hitz egin dezan Parisen. Elkarlana egin izan dugu jadanik eta orain bilerak hasiko ditugu Jean René Etchegaray Iparraldeko Elkargoaren presidente eta Max Brisson senatari eskuindarrarekin Alsaziari buruzko lanen jarraipen zehatza egin baitu. Haiekin hitz egin ondoren elkartuko gara Emmanuelle Macronen alde dauden Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatu lapurtarrekin eta Frédérique Espagnac senatari sozialistarekin.

Zertan da Batera plataforma?

-Duela ia hiru urte Elkargoaren sortzeak panorama guztiz aldatu zuen. Baziren bi mende pasa Iparraldeak aitortza eskatzen zuela eta honenbestez lehen urratsa da. Baina orain euskara, unibertsitatea eta nekazaritzari buruz ongi aztertu behar da zer hari tiratzen ahal dugun egitura berriari esker. Gogoetatu genuen lanean segitu edo gelditu behar genuenez baina hemen gaude oraindik eta 2020an biltzar nagusia antolatuko dugu ikusteko zer egingo dugun zehatz. Herritar zaintza gunea izaten segitu nahi dugu biztanleen iritziak biltzeko. Elkargoaren exekutiboak entzun gaitu zuzenean aurkeztu genien iritzi bilketa kontuan hartu baizuten joan den uztailean bozkatu zuten bide orrian.

Elkargo berriak dena zentralizatu al du Baionan?

-Ez, baina iaz egin genuen herritar galdeketaren ondorioen artean urruntasunaren arazoa agertu zen. Bada sentimendu hori herritar eta hautetsien artean ere. Behar da batasuna mantendu, esperimentazioak egin eta honela bakoitzak topatu behar du bere tokia elkarlanean aritzeko. Uztailean egin zen bozkak hori zuzendu nahi izan zuen piska bat funtzionamenduan arazoak daudelako eta urruntasun sentimendua maiz agertzen delako barnealdeko baserri gunean adibidez.

Elkargoaren garraio publiko eskaintza berria egokia al da?

-Lehen urrats bat da, zaila da ba-tzuentzat lehen aldia baita autobus publikoak egun osoan dauzkatela konexioekin ia lurralde osoarekin. Erakunde berria instalazio fase batean dago oraindik eta orain norabideak finkatuko dira. Segurtatu behar dugu zentzu onean gaudela. Horregatik gaude hemen.

Trambus berrian euskararen lekua ez al da urria?

-Euskara berezko hizkuntza dela onetsi zuen Elkargoak. Sinbolikoki urrats garrantzitsua da. Orain ikusi behar da nola gauzatuko duten eta nola igaroko diren hitzetatik ekintzetara. Guk ere lobby lana egin behar dugu. Ez izan zalantzarik interpelazioa eginen dugula zer anbizio duten jakiteko.

2020ko martxoko udal hauteskundeetan hautagairik sostengatuko al duzue?

-Baterak ez du zuzenean parte hartzen hauteskundeetan gure baitan tendentzia politiko desberdinak daudelako. Beraz ez dugu inor sostengatuko. Ahatik, interpelazio lana eginen dugu hautagai guztiekin jakiteko zer helburu duten Ipar Euskal Herri mailako Elkargoaren-tzat eta bertara zer asmorekin joanen diren argi izateko.