Askotariko lana dute, eta garrantzi eta eragin handia dute gizartean. GKEen lana funtzio humanitarioak betetzen dituzte, giza eskubideak defendatzen dituzte, ingurumena babesten dute... ongizate publikoa bermatzeko borrokatzen dute. Horregatik, duela gutxi GKEen Nazioarteko Eguna ospatu da, egiten duten lanaren garrantzia ikusarazteko eta horiei laguntza ematen dieten pertsonei aintzatespena egiteko. Lan horretan guztian, Euskadiko koordinakundeak funtsezko zeregina betetzen du. Josu Urrutia Beristain koordinakundearen presidenteak horren inguruan mintzatu da erreportaje honetan. 

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundean nazioarteko lankidetza lan egiten duten Euskadiko 83 gobernuz kanpoko erakunde biltzen dituzte. Euskadiko garapenerako GKE gehienak gure kolektiboaren bazkide dira; “hortaz, esan dezakegu gure sektorea ordezkatzen dugula neurri handi batean”. 

Urteetan zehar sortu diren GKEen kopuruari dagokionez, beraz, asko dira; bakoitzak bere helburu eta borroka desberdinekin. Izan ere, garapenerako GKEak gizartearen isla dira. Beraz, “gure gizartea anitza, plurala, askotarikoa denez eta hainbat sentsibilitatez beterik dagoenez, garapenerako GKE-ek ere horrela izan behar dute”, dio Josu Urrutiak. 

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeko kide diren erakunde bakoitzak leku edo herrialde zein arlo desberdinetan lan egiten du, bakoitzak izaera, lotura edota ezaugarri propioak ditu, baina Koordinakundean egiten dute topo elkarrekin batera lan egiteko erakunde guztientzat garrantzitsuak diren helburuetan edota erronketan, “elkarrekin indartsuagoak izan gaitezkela eta urrunago hel gaitezkela sinetsirik”. 

Gizarte hobeago baten bila

Bertako sarean salatzen dute egungo garapen-ereduak pobrezia, desberdintasunak eta bidegabekeriak eragiten dituela, ingurumena suntsitzen duela eta giza eskubideak urratzen dituela mundu osoan. “Hori aldarrikatzen dugu sinetsirik norabidea alda daitekeela borondate politikoarekin eta norbanakoen eta taldeen inplikazioarekin. Gainera, gizarte zibil antolatu baten berezko balorea ere mahai gainean jarri nahiko genuke, benetazko demokrazia partehartzaile bat eraikitzeko, eta, harekin batera, gizarte hobeago bat. Hemen eta nonahi, hori baita guk praktikan jartzen dugun eredua, EAEan eta lan egiten dugun edozein lurraldetan”, azpimarratzen du. 

Hala, bizi garen munduan dena elkarrekin erlazionatuta eta lotuta dago, non aurrean ditugun arazo eta erronka nagusiak globalak diren. “Hortaz, haien konponbideek dimentsio bera izan behar dute”. 

“Hauek dira, besteak beste, giza garapen jasangarria lortzeko gure jarduera-tresnak: nazioarteko lankidetza, gizarte-eraldaketarako hezkuntza, ekintza humanitarioa, bakea sustatzea, giza eskubideak babestea eta emakumeen eskubideak defendatzea ikuspegi feminista batetik”, kontatu du. 

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundea 1988an sortu zen hamaika erakunde sortzaileren eskutik, eta, gaur egun, 83 GGKEk osatzen dute. Sektorearen isla dira, eta GGKE-en eta gizartearen proposamenak, interesak eta balioak ordezkatzen dituzte administrazio publikoen, beste erakunde batzuen eta herritarren aurrean. 

“Gure erakunde bazkideei lotutako G horrek garapena esan nahi du, eta haien lan-esparrua islatzen du. Garapenerako GKE-ek justizia globala eta pobrezia eta desberdinkeriak sortzen dituzten kausak gainditzen laguntzen dute. Halaber, mundu bidezkoagoa eta ekitatiboagoa eraikitzen laguntzen dute, bizitza duina eta eskubide guztiak ahalbidetzeko. Horretarako, hezkuntza, osasuna edo nekazaritza jasangarria bultzatzeko ekimenak sustatzen dituzte, behar diren azpiegiturak eraikitzeko, tokiko instituzioak indartzeko, edo ekitatea bermatzeko, etab. Gainera, larrialdi-egoeretan edo hondamendi naturaletan ere esku hartzen dute”. 

Helburuak 

Koordinakundeak lau helburu nagusi ditu: kalitatezko garapenerako euskal lankidetza-politika sustatzea, sendoa, berritzailea eta egonkorra, erakunde publiko, pribatu eta GGKE bazkideetan; bazkide diren erakundeen jarduerak koordinatzea kolaborazioaren, elkarrizketaren eta elkarren arteko ekintzaren bitartez haien esku-hartzeak eraginkorragoak izateko; GGKEak beren lanean laguntzea, beren jarduketak eta gaitasun politiko eta teknikoak indartzea, eta aliantzak erraztea, beren baliabideak kolektiboaren zerbitzuan jarriz, eta alderantziz; kontzientzia kritikoa eratzen laguntzea, justizia globala, giza eskubideak eta berdintasuna nagusitu daitezen.

Eta helburu horiekin, euskaldun askok egiten dute bat, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeei ekonomikoki lagunduz. Koordinakundeko presidenteak azaldu duenez, aldiro, garapenerako GKE-en sektorearen txostenak egiten dituzte, eta “horiek datu interesgarriak erakusten dizkigute gure lanari perspektiba pixka bat jartzeko, lortzen ari garena balioesteko eta jendeak eta erakundeak jakin dezaten zein da GKE-en lana eta emaitza”.

Hala, Garapenerako GKE-en sektorearen 2021eko azken txostenaren arabera, 2 milioi eta erditik gora pertsonarekin lan egin dute 58 herrialdetan eta 740 lankidetza-proiektu baino gehiagoren bidez. 90.400 pertsonak babesten dute Euskadiko garapenerako GKE-en lana ekonomikoki edo boluntariotzaren bidez; azken horretan batez ere emakumeek hartzen dute parte. 

Eta milaka euskaldunen laguntza hori guztia, proiektu ezberdinak babestuz, eta milaka boluntario proiektu horiek eginaraziz, aspaldidanik egiten ari den lana da. 2020an koronabirusaren pandemiak proiektu horiek geldiarazi zituen eta irabazi asmorik gabeko erakundeen lana gogor kolpatu zuen, baina pandemia gaindituta, normaltasuna berreskuratzea lortu zuen.

Izan ere, pandemia garaian, “mundu guztian gertatu zen bezala, nazioarteko lankidetzan den-dena eten egin zen modu batean edo bestean”. Naziorteko lankidetza proiektuak egokitu behar izan ziren, eta indarrak beste beharretara zuzendu. Hau da, “oinarrizko beharretara bideratu behar izan ziren ekintzak: babes neurriak sustatu, sendagaiak eta elikagaiak banatu… Kontuan izan behar dugu, txirotutako herrialde askotan ez zirela egon laguntza ekonomikorik edo herritarrak babesteko salbuespenezko neurri ekonomikorik etxean lan egin gabe geratu behar izatearen ondorioei aurre egiteko. Hainbat herrialdetan, egunean lortzen den diruarekin jaten dute, eta lanik egiten ez badute ez dute zer eraman ahora”. Ondoren, pandemia apurka-apurka kontrolatuta zegoen arabera, lankidetzaren lana bere horretara itzuli zen, dio. 

Elkartasun balioa

Datu positiboek erakusten eta islatzen dute Euskadi autonomia-erkidego oso solidarioa dela, are solidarioagoa. Baina, lehen baino solidarioagoak gara orain? Elkartasunari dagokionez, Euskadiko GKEen koordinakundeko presidentearen arabera, “ez dugu soziologikoki aztertuta zein izan den azken hamarkadetako Euskadiren bilakaera elkartasun balioari dagokionez, erantzuna, hortaz, nahiko pertzeptiboa izango da. Hala ere, azken 35 urteetan zehar gure Koordinakundetik pasa diren hainbeste pertsonak eta erakundek utzitako testigantzak edo pertzepzioak bai dauzkagu, eta horiek guztiek mahaigaineratzen dutena da gure erkidekoa oso solidarioa izan dela eta propio bezala sentitzen dugula beste batzuen minak, beharrak, gabeziak edota arazoak”. 

1990eko hamarkadan euskal gizartea kalera atera zen kanpaldien eta manifestazioen bidez erakunde publikoei eskatzeko nazioarteko elkartasunera beren aurrekontuen % 0,7 bidera zezaten. “Hein handi batean, hori izan zen gaur dugun Euskadiko politika publikoen hazia, baina, aurretik ere nazioarteko elkartasunerako zantzuak aurki ditzakegu, esaterako Euskadiko hainbat misiolari txirotutako herrialdeetan egindako lana”. 

Ondoren etorritako bilakaera oso garrantzitsua izan da, eta horretarako erakunde publikoen eta garapenerako GKE-en elkarren artean egindako lana beharrezkoa izan da nazioarte mailan Euskadiko lankidetza politikak erreferente bihurtzeko, ez bakarrik nazioarteko lankidetzara bideratutako diru kopuruan, baita ikuspegi berritzaileetan, tresnetan… ere.

Krisialdiak

Aurreko urteetan bizi izan ditugun krisialdiek eragina izan dute erakunde publikoek nazioarteko lankidetzara bideratutako zenbatekoan. “Zenbait urtetan zehar diru murrizketa handiak eman ziren, eta horrek eragina izan zuen proiektuetan eta pertsonengan. Hala ere, administrazioek egindako murrizteta horiek ez ziren eman pertsonek modu partikularrean egindako ekarpenetan edo dohaintzetan, ez behintzat neurri edo proportzio berean. Horrek erakusten du elkartasuna benetan errotuta dagoela pertsonen izaeran edo balioetan”, esan eta gaineratu du:

“Hain zuzen ere, 2024ko otsailaren 15ean, Eusko Legebiltzarrak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Lege berria onartu du; horrek Euskadiko etorkizuneko garapenerako lankidetza politiken markoa zehazten du. Talde guzti hauen aldeko botoak izan dzituen: EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP. Legean lan egin duten talde politiko guztiak aho batez etorkizun hurbilerako konpromiso sendoa hartu dute, gurekin elkarlanean aritzeko borondatea adieraziz”. 

Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundearen arabera, arau berri honek erakusten du beharrezkoa dela aurrera egitea Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren % 0,7 lankidetza-politiketara bideratzearen helburu historikoan. “Lege honek Euskadiko nazioarteko lankidetza-egitasmoei garrantzi politika eta soziala handiagoa ematea aintzat hartzen dugu, baita garapenerako GKE-en ibilbidea aitortzea ere politika horien bultzatzaileak direlako. Lankidetza proiektuak kudeatzean prozesu burokratikoak irekitzea eta malgutzea positibotzat jotzen dugu, eta erakundeen arteko koordinazioan aurrera egitea ere bai. Halaber, iruditzen zaigu egokia dela legeak garapenerako politiken koherentziaren ikuspegia bere gain hartzea; horrek beste erakundeetako arloak inplikatuko ditu ekimen guztiak lankidetza politiken oinarriekin eta helburuekin koherenteak izan daitezen”, ondorioztatu du.