Síguenos en redes sociales:

Bart Simpson

Bart Simpson

Hauxe esaldia!: "Biderkatu zure burua zeroz". Esaten die Bart Simpsonek haren aurrean azaltzen diren guztiei. "Eta…?", itaunduko du batek baino gehiagok. Ez dio! Euskaraz esango genukeen legez, "gal zaitez", gaur egungo euskara batuan modu "dotoreagoan" aipura ekarriko genukeenez: "desager zaitez".

Bartholomew J. Simpson da gure etxeetako iratxoa, guztiok maite duguna, umea delako, 10 urte dituelako, gure asaba zaharren gomuta dakarrelako, eta, Tormesko itsu-mutilaren antzera, hazten ez delako. Ze barregura ematen digun, gu tartean ez gaudenean!, batez ere, sutetik jaten dugunean minik ez hartueran...!

Kontua da, guztion diruarekin, Ajuria Eneko apopiloak egin zuela hitzaldia euskaraz Euskal Telebistaren lehenengo katean, eta Espainiako estatistiken arabera eman diotela %0ko ikusle-ratioa. Ederra, kontua! mila ikusletara heldu ez, eta "guztion lehendakaria ei…". Beste modu batera esanda, 11.000.000 x 0 = 0. (Trankil, lagun, hau guztion artean egiten da-eta. Akaso kontua izango litzateke zer ulertzen duen berak euskaldun legez: euskaraz dakiena, berak dakien moduan dakiena, berak dakien lekuraino dakiena, euskotarra dena edo, batek badaki zer!).

Betiere, hau ez al da Euskal Autonomia Erkidegoko eta enparauko euskaldun guztion lehendakaria? -itaundu du Txominek, bere herri koxkorreko tabernako txokoan. Eta Joxemarik erantzun: -Non hasten da euskaldunon esparrua eta non amaitu?

Eta Txominek atzera: "Bai, gizona, Espainiako guztiok eta kanporakoak ei gara".

Joxemari trankil gelditu ez, eta ostera ere egin du galdera: "Marjorie, Maggie, Lisa eta, batez ere, Homer ez ote dira orduan euskaldunak, gure etxeetara sartzen badira?".

Txominek garbi dauka zer ikusten duen bere etxeko ezkaratzean, eta, badaezpada, beste "pregunta" bat egin du: "Zuk uste duzu, Joxemari, honek badakiela euskaraz".

Joxemarik erraz ihardetsi dio: Hendaian, Donibane Garazin eta Atharratzen ulertu ei dute: halandaze, Euskal Herri osoan".

Daborduko galduta dago gure Txomin, eta, Bilboko euskara berrian esaten den legez, erantzun du: "Porsiaka, ezta?".

Joxemari, ostera, tematia izan, eta atzera itaundu du: "Txomin, zer edo zer entzun al duk Zapateroren agintaldi europarraren gainean?".

Txominek arrapostu: "Bai, horixe! Mister Bean azaldu dela espainiar presidentearen ikur legez interneten; oso antzekoak dira: bekainak, irribarrea, ezpainak, azpegiak, nik zer dakit… Bikiak ematen dute".

Joxemari ez da lasai gelditu eta itaundu dio Txomini ea irakurri duen zenbat ordaindu dien Espainiako Gobernuak Telefónicari eta Telefónica Móvilesi. Txominek, baserritarrak antzo, esan du atzera, Galiziara bidean: "Zer edo zer entzun dut 11.9 milioi euroren gainean. Itxuraz, Mr Beanek ordaindu du bere burua agertzeko. Zuk ordaindu duzu, ala?".

Joxemarik badiotso gure Txomini: "Uste dut Mr Bean horren irudia ipini dutela Zapateroren lekuan, eta horregatik dagoela arazoa; gure lobak esan didan berba bat erakutsiko dizut: "hackerra"".

Txomin, sinetsi ezinean, atzera ere: "Zert da hacker-ra?". Eta Joxemarik, gauzak zelan dauden ikusita, erantzun dio: "Azeria oilotokian".

Ai, irakurle, konturatuko zinen honezkero, gure euskal jendea ez dela kontu birtualetan aditua, baina ez dela ergela, mengela edo an-tzekoa; jakin badaki azeriak inoren etxean osten dituela ahal dituen gauza guztiak. Jakin badakite, nork bere etxea zaindu behar duela, eta eurek duten zalantza nagusia hau da: "Hi, zelan daukak ausardiarik inoren etxea gobernatzeko, heurea gobernatzen ez dakianean?".

[Eta hau erabil daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakaritzan "okupa" legez dagoenaren-tzat, bai Moncloako apopilotan dagoenarentzat].

EAJren Bizkai Buru Batzarreko burukidea