Eta goza nazazu gehiago. Halaxe dio esaerak, hainbatetan euskara sustatzeko jarduerekin lotu ohi denak. Izan ere, zenbat bider entzun diogun urliari edo sendiari zein polita den, zein garrantzitsua den hura edo bestea zaintzea, sasi guztien gainetik zein azpitik babestea. Nago halako esaera bat ekarri beharko genukeela gogora Osakidetza berbagai darabilgun bakoitzean. Hasteko, horra zalantza: zer da Osakidetza, herritarrok hauteskundez hauteskunde hautatzen ditugun ordezkarien jardunaren bidez izendaturiko kargudunak? Ala… Osakidetzaren guardasolpean ari diren guztiak…?

Galdera hori neure buruari egiten diot, osasun-zentro bateko mostradorean, bi langileri asteburuko gorabeherez hitz egiten entzun eta noiz amaituko duten zain naukaten bakoitzean... Galdera bera egiten nion neure buruari aita artatzen zuen medikuak (bai eta beste profesional batzuek ere) gauza batzuetarako Osakidetzara eta, beste batzuetarako, bere kontsulta pribatura bideratzen gintuen bakoitzean, betiere aseguru pribatuaren kontura. Galdera bera egiten diot, emandako hitzordua dezente igarota, zain izaten ninduen medikuaren kontsultategiko atea jo eta hartuko ote ninduen galdetzen nion bakoitzean… Alabaina, ez nuke mezu etsigarririk eman nahi, Osakidetzan denetarik baitago, bokazioa dutenak, batere ez dutenak, pertsona eta profesional eredugarriak, bai eta bestelakoak ere.

Zahartzen ari den eta geroz eta zerbitzu eta gehiago galdatzen dituen gizartearen zerbitzuko dagoen osasun sistema publiko batek ezinbestekoa du eraberritzea eta datozen erronkei aurrea hartzea. Medikuak falta ditugu, espezialistak, erizainak eta abar, hemen zein kanpoan. Ez dakit lan-baldintzak hobetzeak dena konpon dezakeen, ez eta arrazoizko baldintzetatik harago joaterik daukagun ere, beste tokiren batean are baldintza hobeak omen daudela aitzakiatzat hartuta. Ez dakit bokazioa nola susta dezakegun, askotariko gaitzak eta jarrerak dituzten pertsonak artatzea ez baita erraza, are gehiago ikerkuntzaren aterpean jardun dezakezunean. Hor ere badago, gizarte gisa, pertsonen prestakuntzan inbertitzen ditugun baliabideen eta gizarteari bueltatu beharrekoaren artean oreka bilatu eta gizarte erantzukizunez hitz egin beharra.

Sarea bera ere berraztertu beharko da, eduki ditugun baliabideei albait atarramentu handiena ateratzeko, hots, pertsonak albait ondoen artatzeko. Inertziak, urteetan iltzatutako erosotasunak eta korporatibismoak ez digu egin beharreko ibilbidean lagunduko. Denon borondateak behar ditu Osakidetzak, denon indarrak, pertsonak ardatz hartuko dituen zerbitzua eraberritzen, gaurkotzen eta hobetzen segi dezan... Eta hor, kanpora begiratzeaz gain, barrura ere begiratu beharko du bakoitzak, zer egin duen eta zer egiteko prest dagoen.