Gaur irekiko ditu ateak 57. Durangoko Azokak. Hitzorduak garrantzi handia dauka, bertan ikusi ahal izango ditugulako euskarazko askotariko kultura-adierazpideek ekoitzitako produktuak, ikus-entzunezkoak zein bestelakoak, bai eta idazleek idatzitakoak ere. Halakoetan, kezka izaten dut gure sorkuntzari buruz barruratzen ditugun sentimendu katastrofistaren gainean, gero eta sarriago, kultura eta hizkuntza hegemonikoekin alderatzen dugulako geure burua, hori egitean oker bagabiltza ere. Adibide bat jartzearren, gure hiztun kopurua kontuan hartuta, saltzen diren argitalpenen ehunekoa beste hizkuntza batzuetara, hots, hiztun elkarteen proportzioetara, eramango bagenu, zenbat ale saldu beharko lirateke ingelesez edo gaztelaniaz? Eta ez da, ordea, halakorik suertatzen. Produktuen kalitateaz ari garela, tamaina eta ekoizpen ahalmena gogoan izanda, nago oso kalitate oneko produktuak ekoizten ditugula, inoren inbidiarik ez dutenak. Besterik da kantitatea, txikiak izanda ez baitago handien pareko ekoizpena izaterik!

Baina gizartea erritmo bizian aldatzen ari da eta, eboluzio horretan, kultura-ekoizpenen kontsumoen bilakaera ez doa hizkuntza eta kultura txikiak indartzearen norabidean. Arrazoiak ugariak dira, besteak beste: gazteen artean, euskararena eta gaztelaniarena edota frantsesarenaz gain, beste hizkuntza batzuen ezagutza hedatzen ari da, eta horrek aukera berriak irekitzen eta laguntzen die produktu berriak ere kontsumitu ditzaten; euskarri digitalean ekoitzitako produktuak, eskaintzaren aldetik ugariagoak, orobat, gero eta kontsumo-kuota handiagoa izaten ari dira eta eremu horretan euskarak aurrera egin ahal izateko, zailtasun handiak ditu; irakurzaletasunean, berriz, oso kontuan hartzekoa da familietan irakurtzeko gero eta ohitura txikiagoa dagoela eta horrek, nahitaez, belaunaldi berrien joeretan ere eragiten duela; hezkuntzaren eremuan ere badago zer eginik, irakasleen artean inkesta txiki bat eginez gero, zenbat lirateke urteak daramatzatenak liburu bat irakurri gabe?

Irakurtzeko zaletasuna eta ohitura ez da berez gertatzen den kontua, giro aproposa sortzea eta produktu egokiak eskura izatea garrantzi handikoa da autu horretan. Irakurzaletasunak ez ditu soilik mundu berriak irekitzen, irakurleen hizkuntza-gaitasunari ere eragiten dio... Eta hori ezinbesteko kontua da euskara noranahikoa bilaka dadin, are gehiago, bizi garen aroan.

Badakit, basamortuan predikatzera noa! Nago euskarari eta kulturari bideratzen dizkiegun bitartekoak birpentsatu eta testuinguru berrira egokitu behar ditugula. Nago kultura eta hizkuntza politikak, sustapenaren inguruabarrean, gogoeta sakona behar dutela, lehentasunen hurrenkerei dagokienez. Beharrizan berrietarako are bitarteko gehiago behar ditugunez gero, egungoa berraztertzea ere komeni da, zer den interesekoa, zer eragingarri eta gure hizkuntzaren eta kulturaren bizigarri... Ez dakit, baina, interesak eta inertziak gehiegi ez diren iltzatu, besteekiko oso kritiko baina norberaren ekoizpenekiko oso akritiko azaltzen diren berdinek mugitu nahi duten. Izan ere, indarrean jarritako laguntza lerroak direla eta, establishment moduko bat eratzea ahalbidetu dugu, erosotasun-eremutik ateratzeko eta aurreiritziak eta morrontzak astintzeko eragozpenak dituen botere-taldea. l