Ostegun honetan beteko dira 40 urte EAEko Euskararen Legea onartu zenetik. Hasteko, komeni da testuingurua kontuan hartzea. Izan ere, diktadura-aldi luzea igaro berritan, non euskarari eta euskal hiztun-elkarteari debekuak, zigorrak eta trabak ezarri zitzaizkion, legea erreparazio kutsu batez erditu zen. Horrek, askotarikoen arteko oinarrizko adostasun politikoa ahalbidetu zuen. Adostasun horretatik kanpo geratu ziren orduko eremu politikoko bi muturrak, zehaztugabea zela-eta euskara inposatzeko aukera irekitzen zela edo berreskuratutako herri erakundeak legitimatzen lagunduko zuela ziotenak, hain zuzen.

Legeari doakionez, bere dohainik handiena diseinuan datza, aukerak eta ateak ireki baitzituen, eta horiek ahalbidetu zuten hizkuntza politikaren eremuan neurri ausartagoak har zitezen, bilakaera soziolinguistikoak aurrera egin ahala. Ondorioz, esan liteke legea ez zela helburua, euskara biziberritzen lagunduko zuen lanabes malgua baizik, bizitzaren alor guztietan eragiteko sortua. Horrek ekarri du euskara inoizko egoerarik onenean egotea! Duela 40 urte aurreikusi ezina zen egungo egoera bizitzea. Eta horrela baietsi behar dugu: asko aurreratu dugu, itxaroten genuena baino dezente gehiago, baina euskara biziberritzeko eta normaltasunez bizitzeko, nahi eta behar dugun horretatik oso urrun gaude!

Garapenak gorabeherak izan ditu, ibilbidea galgatu dutenak. Izan ere, pasa den mendeko 80ko hamarkadako giroak, bereziki, indarkeriaren iraunkortasunak eta herri erakundeak legitimatzeko/deslegitimatzeko dinamika politikoak, gizarte zibilera ere eramandakoak, sakoneko arrakalak sortu baitzituen euskal gizartean, diktadura garaiko auzolanerako borondatea zartatuz, hein handi batean. Era berean, herri-erakundeak legitimatzeko dinamikak gizarte zibila gutxiesteko, baztertzeko eta ordezkatzeko jarrera sorrarazi zuen... Kontua da indarrak galdu ditugula bidean eta errezeloak sorrarazi, eta ez gara gauza izan legeak sortutako aukerak guztiz ustiatzeko.

Azkenaldion, badira Euskararen Legea berritu behar dela diotenak. Nago kontuak oso ondo pentsatu behar ditugula. Izan ere, euskara berreskuratzen segitzeko indarrak ahultzen, atxikimendua lausotzen eta abiadura moteltzen ari denean, hots, Gorbeiara igotzeko zailtasunak ditugunean, helmuga Everest mendian jartzeak ez dakit lagunduko ligukeen. Indarkeriaren aroa gainditu ostean, hegemoniaren aroa da egun bizitzen ari garena, bereziki, abertzaleak diren bi familia politikoen artean. Horrek ez dakar inolako onurarik hiztun elkarte gutxiagotu batentzat. Areago, inoiz baino beharrezkoa da euskara denona eta denontzat dela azpimarratzea, erdaraz jarduten duen gizartearen gehiengo horrekiko igurtziak areagotzea, ikuspegi sinbolikotik, afektibotik eta komunikazioaren arlotik.

Nire iritzi apalean, ez dago Euskararen Legea berritzeko desberdinen arteko adostasun politikorik, ez eta, oraingoz, anbizio politikorik ere. Euskara ez dago etorkizuneko agenda politikoetan lehentasunen artean. Halaber, gizarte-dinamika oso ahulduta ageri da eta euskalgintza deitzen den hori, hein handi batean, bere zilborrari begira bizi eta erdaraz mintzo den erdaldunengana iristeko gero eta zailtasun handiagoak ditu. Susperraldia, paradigma aldaketa behar da, zimentarri berriak, adostasun soziala eta politikoa norabidetuko dutenak. Iritsi bitartean, legea aldatu gabe ere, badira albait arinen landu beharko liratekeenak, besteak beste, euskara lan-hizkuntza bilakatzea, bereziki, administrazioan; kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak jagotea; nagusiki, gaztelaniaz funtzionatzen duen aisialdia, kirola barne dela, euskalduntzea eta, lan-eremuan, euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko ahaleginak bizkortzea eta indartzea.