Bilboko Udaltzaingoak urian ibilgailuen abiadura kontrolatzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan, gidariak gidatu bitartean duten erantzukizunaz jabetzeko. Kanpaina astelehen honetan, martxoak 20, hasi eta hurrengo igandean, hilak 26, amaituko da.

Horrela, Bilboko Udaltzaingoak egunero batez beste lau kontrol egingo ditu kanpainaren egunetan, urian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radarretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte.

Kasu batzuetan, udaltzainek unean bertan jakinaraziko diote arau-hausleari, kanpaina dibulgaitzailea baita. Horrekin, gidatzean duten erantzukizunaz jabetu daitezela lortu nahi da. Besteetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute.

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasunaren Dibisioan jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aldez aurretik ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

Gogoan izan behar da abiadura orduko 30 kilometrora murrizteak zuzeneko eragina duela harrapatze bat izanez gero izaten diren lesioen larritasunean, bai eta heriotza-arriskuan ere, talkaren energia txikiagoa delako eta balaztatze-distantzia txikiagoa delako.

Abiaduraren murrizketa hori Bilboko erdigune osoan ezarri zen 2020ko irailean.

Gainera, araudiaren arabera, 2021eko maiatzaren 11tik aurrera, abiadura-murrizketa hauek aplikatzen hasi ziren Estatuko gainerako erkidegoetan:

  • Orduko 20 kilometro, galtzada eta espaloia plataforma bakarrean dauden bideetan.
  • Orduko 30 kilometro, noranzko bakoitzeko errei bakarra dagoen bideetan.
  • Orduko 50 kilometro, noranzko bakoitzeko errei bi edo gehiago dauden bideetan.

2021ean egindako kanpainetako datuak

Iaz Bilboko Udaltzaingoak abiadura kontrolatzeko hainbat kanpaina egin zituen; horietan 203.000 ibilgailu kontrolatu eta 467 salaketa jarri zituen, hau da, kontrolatutako ibilgailuen % 0,23 salatu zituen.