Bilbo. ETB1-eko ekoizpenik entzutetsuenak, hots, Goenkale telesailak, markak hausten jarraitzen du. Aurten, bere hogeigarren denboraldiari ekin dio, eta horrenbestez, Estatuko telesailik zaharrena izatearen ohorea erdietsi du. Lorpen hau "behar bezala" ospatzearren, Egiak ezkutatzen duena izeneko telebistarako filma ekoitzi du Goenkaleko lan-taldeak.
Aipatu tv movie-a atzo iluntzean aurkeztu zen EiTB-k Bilbon duen egoitzan. Ekitaldirako gonbidapena lortu zuten haiek, Goenkaleko aktore nahiz beste aurpegi ospetsu ezagutzeko aukera izan zuten. Edozelan ere, jendaurreak bigarren aukera bat izango du filma ikusteko. Astelehen honetan, hilak 30, telesaileko ohiko ordutegian (22.15ean) lehendabiziko partea botako da; eta bigarrena, aldiz, hurrengo egunean, asteartea, urriak 1, ordutegi berean.
Besteak beste, pelikulan ageri dira Goenkaleko aktore diren Kandido Uranga (Abel), Isidoro Fernandez (Julian), Naiara Arnedo (Esther), Martxelo Rubio (Kandido), Ione Irazabal (Dorothy) eta Itziar Ituño (Nekane).
Lan-taldeak aurreratutako sinopsiari jarraiki, Garbiñeren heriotza kolpe latza izan da eta egoera gainditu ezinda dabiltza haren senide eta lagunak. "Ikerketa poliziala zabalik dago, baina geroz eta indar gehiago hartzen doa Garbiñek lapur bat harrapatu zuen hipotesia", azaldu dute aipatu iturriek. "Julianek, ostera, uste du bera harrapatu nahian zebiltzala eta gertakariaren atzean Technical Motors dagoela. Dorothy bere emazte ohia preso dagoen kartzelan erailtzen saiatu izanak ere Julianen susmoak indartu baino ez ditu egin. Bere eta alaben segurtasunaz arduratzeko Abel kontratatuko du, bere hiltzailea kontratatu duela konturatu gabe", laburbildu dute.
korapilo berriak ETB-ren eta Pausoka ekoiztetxearen ekimenez, euskal fikzio urtetsuak hilaren 17an abiatu zuen bere 20. denboraldia ETB-1en. Horrela, itxurazko Arrabel marinel-herriaren historia kontatzen jarraitzen dute, kapituluz kapitulu. Aurreko katramilak argituz eta korapilo berriak sortuz, aurtengo denboraldi berrian aipa-tzekoak dira eskarmentu handiko bi aktoreen parte-hartzea: Joseba Apaolaza eta Ane Gabarain. Lehenengoa orain hamar urte aritu zen fikzioan; oraingoan, baina, pertsonaia "guztiz ezberdina" batekin harrituko ditu ikus-entzuleak. Bigarrena, berriz, bere fikziozko emaztea izango da, eta estreinakoz lan egingo du telesailean.