BILBO. Haurtzaro garaian fruta eta barazki kontsumoa susatzea daukan garrantzia frogatu du María Arrizabalaga Lópezek zuzendutako ikerketa batek. Bertan, interbentzio programa bat garatu zuen ikasleak fruta eta barazkiak jatera bultzatzeko. Jokabidearen determinatzaileak baliatzea, zeinak Jokabide Planifikatuaren Teorian oinarrituta dauden, lagungarria izan zen 8 eta 10 urte bitarteko ikasleek elikagai horiek are gehiago jan zitzaten.

Zenbait azterketak frogatu dute haurtzaroan barneratutako ohiturei helduaroan eutsi egin ohi zaiela; hori horrela izanik, arrazoizkoa dirudi ahalegina egin behar dela umeen eta nerabeen artean bizitza eta elikadura ohitura osasungarriak sustatzeko, pertsona osasuntsu eta, gainera, etorkizunean, heldu osasuntsu izan daitezen. Frutak eta barazkiak, zehazki, osasungarritzat jo dira mundu osoan, eta ebidentzia zientifikoak ere babesten du hori. Frogatu da babestu egiten dutela zenbait gaixotasunetatik eta osasun arazo handi batzuetatik; batez ere, herrialde garatuetan. Hona hemen horren adibide argi batzuk: edozein kausak eragindako heriotzak gutxitzen ditu, bai eta bizi itxaropena handitu, gaixotasun kardiobaskularrak eta haren arrisku faktoreak izateko arriskua gutxitzen du, hala nola profil lipidikoaren disfuntzioak eta hipertentsioa, gehiegizko pisuaren eta obesitatearen gaineko efektua, II motako diabetes mellitusa pairatzeko probabilitatea, bai eta zenbait minbizi mota, batez ere digestio aparatuko minbiziak, eta beste osasun arazo batzuen gaineko efektua du (depresioa, alzheimerra eta hezurren osasunarekin lotutakoak).

Agerikoa da, hortaz, fruten eta barazkien kontsumo egokia beharrezkoa dela osasuna ziurtatzeko, baina, azken hamarkadetan, bizi ohituren bilakaeraren ondorioz, gomendioak betetzetik urruti dago elikagai talde horien kontsumoa, hala haurren nola helduen artean. Joera hori borrokatzeko, fruten eta barazkien kontsumoa sustatzen duten estrategiak landu edo taxutu beharra dago. Ondorioz, María Arrizabalaga Lópezek aurkeztu berri duen tesiaren helburu nagusia izan da interbentzio programa eraginkor bat sortzea nutrizio heziketan oinarrituta, lan horretan tresna eraginkorra dela frogatu baita, 8 eta 10 urte arteko ikasleen artean fruten eta barazkien kontsumoa sustatzeko, portaeraren determinatzaileetan oinarrituta, halaber.

Proposatutako helburua lortzeko, azterketa ausazkotu bat diseinatu zuen, kontrolatua eta klusterretan oinarritua, non kontrol talde batek eta interbentzio talde batek parte hartu zuten. Interbentzio taldeak PROFRUVE interbentzio programa jaso zuen ikasturte batean: ordubeteko saioa 15 egunean behin (14 saio guztira), diziplina anitzeko lantalde batek portaeraren determinatzaileetan oinarriturik berariaz diseinatua. Zehazki, Jokabide Planifikatuaren Teoria erabili zen (Theory of Planned Behavior edo TPB, ingelesez) programa diseinatzeko orduan, eraginkorragoa izan zedin. Teoria horrek, batetik, frogatu du eraginkorra dela fruten eta barazkien kontsumoa sustatzeko orduan, eta, bestetik, ikusi da oso eredu ahaltsua dela era horretako elikagaien kontsumoa bera zein haiek kontsumitzeko asmoa azaldu eta aurreikusteko.

EKINTZA ARRAZOITUAK

Icek Ajzen gizarte psikologoak definitu zuen lehendabizikoz teoria, eta azaldu zuen portaerak ekintza arrazoituak direla (adibidez, fruta eta barazkiak jatea modu arrazoitu batez egiten da), eta pertsonek portaera aurrera eramateko duten asmoak zehazten dituela. Aldi berean, asmo horretan hiru determinatzaile hauek eragingo dute: portaeraren aurreko jarrera ("fruta eta barazkiak jateak nire kolesterola normalizatzen lagunduko dit" edo "frutak eta barazkiak jatea atsegina da"), arau subjektiboak ("nire senideek uste dute nik fruta eta barazki gehiago jan beharko nituzkeela") eta jokabidearen gainean zer kontrol maila hautematen den ("fruta eta barazkiak jatea erraza da"). Halaber, hautemandako kontrolaren determinatzaileak asmoan ("fruta eta barazki gehiago jan nahi dut/jatea gustatuko litzaidake") zuzenean eragiteaz gain, azken portaerari ere eragingo dio, hau da, elikagai talde horren kontsumoa handitzeari.

Interbentzioa eta ebaluazioak (kontsumoaren bilakaerarena zein jokabidearen determinatzaileena) inplementatu ondoren, 8 eta 10 urte bitarteko ikasleen artean fruten eta barazkien kontsumoa handitzeko diseinatutako programa eraginkorra izan zela ondorioztatu zen. Interbentzio taldeak egunean fruta eta barazki errazio erdi bat gehiago jaten zuen interbentzioa bukatu berritan. Kontrol taldeak (programa jaso ez zuena), ordea, ez zuen kontsumoa aldatu. PROFRUVE programa jaso zuten umeek egunean jaten zuten errazio erdi gehiago horri eutsi zioten, gainera, programa bukatu eta urtebeteren buruan. Azken hori garrantzitsua da, programa gutxik lortu baitute kontsumoaren gehikuntzari epe luzera eustea, eta horrek adieraz lezake ikasleen etxeko elikadura ohituretan eragitea lortu dela programa horri esker, eta hasieran baino fruta eta barazki gehiago jatea, interbentzioa amaituta ere.

Halaber, azterketak erakutsi zuen hobekuntza egon zela fruten eta barazkien kontsumo handiagoari lotutako portaeraren determinatzaileetan, eta horrek iradokitzen du horietan izandako aldaketak ekarri duela programa jaso duten eta, ondorioz, portaeraren determinatzaileak landu dituzten umeek kontsumoa handitu ahal izatea. Hala ere, ondorioztatu da haurrei dagokienez determinatzaileei buruzko informazioa lortzea zeregin zaila dela, eta geroko ikerketetan aurre egin beharreko erronka.