ERMUA. Ostiral honetan, urtarrilak 29, arratsaldeko 19:00etan, Ermua Antzokiak Dani Fernándezen kontzertua jasoko du. Sarrerak salgai daude dagoeneko 15 euroan. Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan erosi ahal izango dira.

Bi urtez egon gara Dani Fernandez (Alcazar de San Juan, 1991) abeslari eta konpositorearen bakarkako lehen lanaren zain. Artistak txiki-txikitatik erakutsi du musikarako dohainak dituela, eta bere ibilbidean zehar hainbat talde eta lehiaketatan parte hartu ostean, beste pauso bat eman du bakarlanean aurkeztutako Incendios estreinako disko sutsuarekin.

Dani Fernandez 2006an eman zen ezagutzera, 14 urterekin, Eurovision Junior lehiaketari esker; bertan, Espainiako ordezkari gisa parte hartu zuen, eta laugarren postua lortu zuen Errumanian egindako jaialdian.

Hiru urte geroago, Fernandezek beste lau mutilekin (Alvaro Gango, Blas Canto, Carlos Marco eta David Lafuente) bat egin zuen Auryn osatzeko, Youtube irauli eta denbora gutxian ospea bereganatu zuen boyband-a.

Handik gutxira, bere konposizio batzuk argitara ateratzea erabaki zuen; abesti propioak, entzuten dituen edonork identifikatuta sentitzeko moduko letrekin. Bakarlari gisa sortutako musika irratian jartzen hasi ziren, eta oraindik diskoa argitaratu gabe zeukan arren, Espainia osoan zehar bi bira arrakastatsu egin ditu dagoeneko, bere kontzertuetarako sarrera guztiak hilabete batzuk lehenago salduz.

Orain, Incendios errealitate bihurtu da. Diskoa prestatzen eman dituen bi urte baino gehiago hauetan, artistak aitortu du "ahalegin handiz ikasi duela gauzek batzuetan beren denborak dituztela eta ez garela gauzak egitera behartu behar", eta bere gaiak terapia egiteko tresna bihurtu ditu. Hasierako amorrua eta amore emateko gogoa eraldatzen ikasi du, gai autobiografiko ugari eraikitzeko. Horiekin batera, Andrés Suárez, Marwan, Luis Ramiro edo Diego Cantero Funambulista artisten konposizioak ere batu ditu, Fernandezek erreferente nagusi gisa aipatzen baititu. Amodioz eta erresaka sentimentalez beteriko tracklist bat osatu dute horrela.