TOLOSA. Pasa den asteburu honetan zehar eta koronabirusak eragindako egoera berezira moldatuta, Tolosak TolosandBlues jaialdiaren hamaseigarren edizioa ospatu egin du. Atzo, igandea, amaitu egin zen egitaraua antolatzaileek espero zituzten baino emaitza positiboagoekin.

Hala ere, Tolosako Udalak hartu zuen erabakiak emaitza onak eman dituela frogatu ahal izan da egun hauetan, egoerak eskatzen dituen prebentzio eta segurtasun neurriak hartuta, noski.

Egoerak inguruko artistak kontratatzera mugatu zituen antolatzaileak, nazioarteko ohiko izarrik gabe, baina bertako artistekin ere maila artistikoa oso ona izan dela frogatu ahal izan du Tolosako publikoak. Musikari guztiek eman dute profesionaltasun maila oso altua. Honetaz gainera, blues barruan egon daitezkeen korronte desberdinak entzun ahal izan dira TolosanBlues jaialdiren 16. edizioan, eta oso formatu desberdinetan.

NEURRI ZORROTZAK

Formatu txikiko kontzertuak izan dira, gonbidapen bitartez gozatu ahal izan direnak. Izan ere, edukierak kontrolatu ahal izateko gonbidapenak banatu ditu aurretik udalak herritarrei emanaldiez gozatzeko aukera eskaini eta eserlekuak antolatzeko.

Segurtasuna bermatzeko neurriak ere hartu dira eta emanaldiak gauzatu diren guneetan ezarritako neurriak errespetatu dira. Emanaldi bakoitza hasi aurretik herritarrei gogorarazi zaie musukoak erabiltzea eta distantziak mantentzea ezinbestekoa dela.

ARDURAZ JOKATZEN JARRAITZEA, EZINBESTEKOA

Esan bezala, oso neurri zorrotzekin egin dira emanaldi guztiak, eta eskertzekoa da udalak mugatutako eremuetan herritarrek izan duten jarrera. Aurrerantzean, eta uda honetan Tolosan antolatu diren kultur emanaldietan ere neurri berdinak mantenduko dira, eta herritarrei dei egiten zaie udalak zehaztutako eremuez gain ere distantzia soziala mantendu ezin den guneetan maskarila erabiltzea; oraindik ere behar beharrezkoa delako zuhurtziaz eta arduraz jokatzen jarraitzea birusaren hedapena ekiditeko eta ildo horretatik, erantzukidetasuna funtsezkoa da aurrera pausoak ematen jarraitu dezagun.

Amaitzeko, herriko tabernarien laguntza ere eskertu nahi izan du udalak, urtero bezala, musikarien otorduak eskaintzeko orduan izan duten jarrera eskuzabalagatik.