BILBO. Abuztuaren 20tik aurrera eta irailaren 13ra arte, Bilboko Arriaga Antzokiak 'Cruz de Navajas' izeneko Mecano taldearen musika omentzen eta aintzatesten duen ikuskizuna hartuko du, #BilbaoUda2020 udal egitasmoaren barruan antolatutakoa.

Honela, Arriaga Antzokiak duela hainbat urtetik hartutako tradizioari eusten dio. Izan ere, Bilboko Aste Nagusiaren egunekin bat etorriz, musika ikuskizun handiak eskaintzen dizkie ikus-entzuleei. Egia da aurten Bilboko jaiak ez ditugula beti bezala biziko eta, Arriaga Antzokia ere jasaten ari garen errealitatera egokituko dela, jakina.

Horrela, ikus-entzuleek maskararekin joan beharko dute eta une bakoitzean ezartzen diren higiene eta segurtasun neurriak beteko dituzte. Gainera, Cruz de Navajas estreinatuko den abuztuaren 20tik aurrera, Arriaga Antzokiaren edukiera ahalmen osoaren % 60koa izango da, indarrean dagoen araudiak ezartzen duena betez.

Cruz de Navajas Mecanoren musika duen ikuskizun handia da. Taldearen jarraitzaileek eta ikus-entzule guztiek, Arriagan gozatu ahal izan ditugun Mecano taldeari buruzko beste proposamen eszeniko batzuk gogoratuko dituzte. Cruz de Navajas horiek bezain ikusgarria da, baina planteamendua desberdina du. Dena neurri handian pentsatuta eta diseinatuta dago, xehetasun txikienak ere zainduz, Mecanoren onena inoiz ikusi ez den bezala eskaintzeko, azken teknologia eta interpreteen talentu eta sentsibilitate handia uztartuz. Konbinazio horren ondorioz, musika moldaketa bakoitzarekin, ikuskizunean agertzen diren Mecanoren funtsezko 35 abestiak indartzen dira.

Elementuei dagokienez, ikuskizunak makineria eta giza baliabide handiak ditu, eszenatokiaren atzean eta gainean, gauero show onena eszenaratu ahal izateko.

EKOIZPEN LAN HANDIA

Sustatzailea eta ekoizlea Gonzalo Pérez da, Cruz de Navajas lanaren ideiaren sortzailea. Espainiako entretenimenduaren industrian erreferentea den pertsonari buruz ari gara, eta azken urteetan hainbat lan arrakastatsu egin ditu; ekoizleetako bat izan zen Billy Elliot, el musical, eta West Side Story edo Priscilla, beste batzuen artean.

Orain, Cruz de Navajas lanarekin, ziurrenez orain arte egin duen proiektu handienari ekingo dio. Izan ere, datu batzuk oso esanguratsuak dira, ikuskizun hori ekoizpen lan handi gisa kalifikatzeko orduan: Materialeko 6 trailer, 330 foku, 120 audio kanal, 40.000 watt soinu eta 30 Meyer kaxa.

Cruz de Navajas lanaren puntako teknologiaren adibide bat pantailak dira. Espainiako estatuan lehen aldiz, bereizmen handiko hainbat led pantaila garden erabiliko dira, 100 m2 baino gehiago guztira, estrukturez eta euskarriz osatutako eszenako mekanikarekin batera, eszenatokiko espazioak sortuz eta eraldatuz. Emango diren bideoak, bikainak, beren-beregi egin dira ikuskizunerako.

Musika eta dantza dira, jakina, Cruz de Navajas lanaren oinarrizko zutabeetako bi. Musika-tresna anitzekin arituko diren 10 musikarik zuzenean joko dute, eszenografian bertan integratuta, ikus-entzuleen aurrean, kontzertu bat balitz bezala. Eta musika moldaketei ahotsa jartzearen arduradunak moldakortasun handiko 8 abeslari dira. Horien ahotsek nortasuna ematen diote abesti bakoitzari. Eta hori guztia gutxi balitz, 12 profesionalek osatutako dantza taldeak erakargarritasun bisuala ematen dio ikuskizunari. Eta guztiek maila estetiko bikaina erakutsiko dute, musika pieza bakoitzari bizia emateko egin diren 290 jantzi baino gehiagoei esker.

SARRERAK SALGAI DAUDE

Gaur bertan jarriko dira salgai Cruz de Navajas ikuskizunerako sarrerak, ohiko salmenta kanaletan: Arriaga Antzokiaren webgunean eta antzokiko txarteldegietan. Sarreren prezioak 24 eta 55 euro artekoak dira eta, ohikoa denez, hainbat beherapen eta ikus-entzulearen eguna egongo dira, prezio merkeagoekin. Horrez gain, gaurtik aurrera, uztailaren 12ra arte iraungo duen hasierako promozio berezia jarriko da martxan. Egun horretara arte erosten diren sarrera guztiek % 20ko beherapena izango dute.