Ozpinetan eta frijituta jateaz gain, Ibarrako piparra gosaritarako ere prestatu daitekeela frogatuko dute. Piparboom desafioa ere antolatu dute aurten; minutu batean nork pipar gehiago jan, alegia, batzuk minak tokatu daitezkeela ahaztu gabe. Horiek dira, beste askoren artean, igande honetan ospatuko den Ibarrako Azoka Bereziaren zenbait osagai. Berrikuntza hauez gain, ohikoak diren ekimenak ere antolatu dituzte Hauspoa eta Xepla elkarteek; hala nola, piparraren topaketa eta lehiaketa gastronomikoa, eskualdeko ezti lehiaketa, ganadu erakusketa edota artisautza postuak.

Hogeigarrenez antolatu dute azoka berezia. Antolakuntzako kide den Onintza Aranaldek azaldu moduan, hasiera batean bertako ekoizleen lana erakusteko xedez ekin zioten, baina gaur egun piparra da erabateko protagonista. “Azokak bere garapena izan du urte hauetan guztietan. Bertako baserritarrak eta baratzazainak geroz eta gutxiago dira eta beharrezkoa ikusi genuen azokari buelta bat ematea, hain geurea den piparrari indarra ematea gure herriak piparrarekin lotura handia duelako”, azaldu du Aranaldek.

Piparraren bueltan antolatzen dituzte, beraz, azken urteotan hainbat ekitaldi. Aurten, badituzte zenbait berrikuntza, esaterako, Arane baserrira antolatu duten bisita gidatua. Piparraren ekoizpena hazitik hasita bukaeraraino ikusteko aukera izango dute parte hartzen dutenek eta Aranen azken urteotan egiten hasi diren piperrautsa ere ezagutuko dute. Parte hartzeko beharrezkoa da aurrez izena ematea aranebaserria@gmail.com helbidean.

Bestalde, showcooking erakustaldia ere antolatu dute piparrak prestatzeko modu asko daudela froga-tzeko. “Ohituta gaude piparrak beti ozpinetan edo frijituta jatea, baina badaude sukaldean erabilpen gehiago. Esaterako, gonbidatu bat izango dugu gosaltzeko prestatzen duena”, aurreratu du Onintza Aranaldek.

Txoko gastronomiko honetan antolatuko dute beste urte batez X. Euskal Pipar Topaketa. Pipargileen elkargunea bihurtuko da Ibarra, izan ere Ibarrako piparra, Gernikakoa, Ezpeletakoa, Biper eztia eta Pikilloaren ordezkariak izango dira eta showcooking saioan ere parte hartuko dute.

Emeterio Arresen ospatuko da Ibarrako Piparraren Euskal Herriko XV. Lehiaketa gastronomikoa. “Beherakada izan zuen lehiaketak, baina azken urteotan berriz ere gora egin du eta dagoeneko 22 suak beteak ditugu”, dio Aranaldek. Bikote parte-hartzaileek Ibarrako piparrarekin egindako sei pintxo prestatu beharko dituzte, denak berdinak, hotzak edo beroak. Horretaz gain, zortzi Ibarrako Gilda aurkeztu beharko dituzte, hauek ere denak berdinak. Roberto Ruiz, Matias Gorrotxategi, Sonia Tapia, Juanjo Mendioroz eta Hilario Arbelaitz izango dira epaimahaian.

Bestalde, Emeterio Arresen ospatuko da Tolosaldeko XXII. Ezti lehiaketa. Lehiaketaz gain erlea, erlezain-tza eta erlauntza materialaren erakusketa izango da. Erlauntza produktu desberdinak erakutsiko dira eta berauen onurak ezagutarazteko azalpenak emango dira.

Arane iturri inguruak herriko ganaduzaleek hazten dituzten animaliak ikusgai izango dira; besteak beste, behiak, poneiak, txerriak, untxiak edota oiloak.

San Bartolome plazan denetariko artisauak izango dira eta papera eskuz egiteko tailerra egingo da Marino Ayala papergile injineru teknikoaren eskutik. Bestalde, Aita Mari itsas salbamenduko humanitarioko kideak Ibarran izango dira Mediterraneoan egiten duten lanari buruzko informazio zabaltzen eta materiala salduko dute euren lana finantzatu ahal izateko.

Azkenik, bazkari herrikoia egingo dute San Bartolome plazako estalpean. Bertan, postugileak, topaketako partaideak, antolatzaileak, lanean aritu direnak eta nahi duen orok parte hartu ahal izango du. Txartelak (25 euro) salgai daude tabernetan hauetan: Galtzaundi, Atari, Txumitxa eta Danon Txokoa.