BILBO. Aurtengo FesTValean, Ion Aramendik aurkeztuko duena eta irailaren 7an ospatuko dena, telebistan agertzen diren aurpegi ezagunenetariko batzuk sarituak izango dira. Besteak beste, Juan y Medio, Juanra Bonet, Jon Sistiaga, Rosa María Calaf eta Itziar Ituño. Lehenengo hirurak Joan Ramón Mainat saria jasoko dute kamera aurrean egindako lanagatik; Calafek, Constantino Romero Saria; eta azkenik, Itziar Ituño basauriarrak, AISGEren saria irabazi du La Casa de Papel telesailean egindako interpretazio nabarmenagatik.

Aintzatespen horiek guztiak Gasteizko XI. Telebista Jaialdiaren amaiera ekitaldian banatuko dira, hiriburuko Principal antzokian, datorren irailaren 7an, berrikuntza nabarmen bat izango duen ekitaldi batean.

Hitzordu hori hamar urtez xarma handiz zuzendu eta aurkeztu ostean, Luis Larroderak Ion Aramendi euskal komunikatzaileari emango dio txanda. EITBko ¡Qué me estás contando! saioaren aurkezleak ikuskizun desberdin baten alde egingo du, zeinaren gidoia Humberto Gutiérrez komikoak idatzi duen. Juan Luis Iborrak eta Alberto Maesok zuzenduko dute hiriburuko Principal antzokira bertaratzen direnei ezusteko ugari emango dizkien ekitaldia.

Maider Etxebarria alkateordeak ezagutaraziu ditu gaur goizean sariak eta aurkezle berriaren identitatea, alboan zituela FesTValeko zuzendari Joseba Fiestras eta Ion Aramendi berbera. Ekonomia Sustapeneko zinegotziak nabarmendu egin du zergatik babesten duen Gasteizko Udalak FesTVal ekimena: “Gasteiz ikus-entzunezkoen mapan kokatzeaz gain, erreferentzia garrantzitsu bihurtu da herrialde osoko ekoizleentzat”.

Tokiko ekoizpenak, agertokira

Hasieratik beretik ohi bezala, FesTValek ikus-entzunezkoen sektoreko profesional garrantzitsuenak bilduko ditu beste behin ere Gasteizen, PROFESTIVAlen egitarauaren inguruan.

Testuinguru horretan, Arabako ekoiztetxeek berebiziko protagonismoa izango dute, ikus-entzunezko proiektu berriak aurkeztuko dituztelarik. Hartara, La Txurreria Films, IXA Taldea eta Amania Films ekoiztetxeak PROFESTIVALeko topaketa baten protagonista izango dira, irailaren 6ko (ostirala) 17:00etan, Europa biltzar-jauregian.