Euskal Herriko Unibertsitateko 85 zientzialari sartu egin dira Stanfordeko Unibertsitateak egindako 'Ranking of the World Scientists: World´s Top 2 % Scientists' zerrendean. Horrez gain, 62 ikertzaile sartu dira 1996-2020 bitartean gehien aipatu direnen zerrendan. 50 ikertzaile bi zerrendetan ageri dira.

Ranking honek -munduko ospetsuena bere espezialitatean- 1996-2020 bitartean Scopus datu-basean jasotako informazioa du oinarrian, eta argitalpen zientifikoen inpaktuarekin lotutako zenbait parametro hartzen ditu kontuan: zenbat argitalpen, zenbat aldiz aipatu diren beste zientzialari batzuen lanetan, bai eta ikertzaileen lanen eraginaren beste adierazle batzuk eta aipatutako parametro guztiak konbinatzen dituen beste adierazle bat ere. Horrez gainera, alborapenak saihesteko, sailkapenak aukera ematen du ikertzaile bakoitzaren metrikak alderatzeko kontuan izan gabe ikertzaile batek bere buruari egiten dizkion aipamenak.

Ranking horretan nabarmentzen diren UPV/EHUko ikertzaileek 37 jakintza-arlotan jarduten dute, eta horrek agerian uzten du zer dibertsitate eta aberastasun duen UPV/EHUn gauzatzen den ikerketak. Hona hemen batzuk: Hizkuntzak eta Hizkuntzalaritza; Kirol Zientziak; Kimika Ez Organiko eta Nuklearra; Ingeniaritza Industriala eta Automatizazioa; Kimika Analitikoa; Matematika Orokorra; Fisika Aplikatua; Elikagaien Zientzia; Farmakologia eta Farmazia; Onkologia eta Kartzinogenesia; Mikrobiologia; Materialak; Polimeroak, Energia, edo Adimen Artifiziala eta Irudi Prozesamendua.

Ikertzaile seniorren zerrendan gehien aipatzen diren UPV/EHUko lehenengo hamarrak hauek dira: Félix Goñi (Biokimika eta Biologia Molekularra); Iñigo Mujika (Kirol Zientziak); Vadim A. Soloshonok (Kimika Organikoa), Konstantin Y. Guslienko (Fisika Aplikatua), María Dolores Guillén (Elikagaien Zientziak), Juan Colmenero (Polimeroak), Claudio Palomo (Kimika Organikoa), Martin Olazar (Ingeniaritza Kimikoa), Humberto González-Díaz (Kimika Mediko eta Biomolekularra); eta Peter B. Pearman (Ekologia). 2020ko zerrendan, UPV/EHUko lehen hamarren artean hauek daude, lehen aipatutako batzuez gainera: Jasone Cenoz (Hizkuntzak eta Hizkuntzalaritza); Iñaki Heras-Saizarbitoria (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza); Durk Gorter (Hizkuntzak eta Hizkuntzalaritza), Maite Garaigordobil (Gizarte Psikologia), David Lasagabaster (Hizkuntzak eta Hizkuntzalaritza) eta Teófilo Rojo (Kimika Ez Organiko eta Nuklearra).

Euskal Herriko Unibertsitate publikoko errektore Eva Ferreirak adierazi duenez, “Standfordeko Unibertsitatetik albiste bikain bat izan dugu, ziurtatu baitute gure ikertzaileetatik ia ehun daudela nazioarteko zientzia-profesional onenen rankingean. Esan gabe doa, nire zorionik beroenak bidaltzen dizkiedala ikertzaileoi, eta agerian utzi nahi dut zenbateko harrotasuna sentitzen duen UPV/EHUko unibertsitate-komunitate osoak. Nolanahi ere, euskal gizarte osoari helarazi nahiko nioke sentimendu hori, gurekin batera parteka dezan eta Euskal Herriko Unibertsitateaz harro egon dadin.

Rankinga Elsevier aldizkarian argitaratu zen, ‘August 2021 data-update for “Updated science-wide author databases of standardized citation indicators”’ izenburua daraman artikuluan, eta hauek izan dira egileak: John P. A. Ioannidis (Stanfordeko Unibertsitatea), Kevin W. Boyack (SciTech Strategies) eta Jeroen Baas (Research Intelligence, Elsevier B.V.). Sailkapenean 190.000 ikertzaile ageri dira, mundu osoko erakundeetan lanean ari diren ia 8 milioi ikertzaileren artetik.